Azken urteetako bide beretik dator, aurten ere, Eskolarteko Bertsolari Txapelketa; eta Hernaniko Bertso Eskolako bertsolariak ere, bertan parte hartzen ari dira jadanik.
Aurten ere, saioak izango dira lurralde guztietan, eta bukaeran, baita Euskal Herri mailako festa ere. Lurralde guztietan, oinarri nagusiak berak konpartitzen dira, baina bakoitza bere berezitasunekin. Eskolartekoa, Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute.
Gazteentzako, bertso merenduak
15 urtetik beherako gazteak ez dira txapelketan lehiatuko. Eurentzako, bertso merenduak antolatuko dira, hainbat herritan. Inguruko bertso eskoletakoak elkartuko dira, eta giro hurbilean eta goxoan egingo dute bertsotan.
Urtean zehar egiten diren bertso merendu eta gazteen saioez gain, 15-18 urte bitartekoek, Eskolarteko txapelketan kantatzeko aukera ere izango dute. Nahi duten moduan parte hartu ahal izango dute txapelketan: bertsolari moduan, zein gai-jartzaile moduan. Antolakuntzan parte hartzeko gonbita ere, luzatuko zaie bertsolariei.
Lurralde bakoitzak bere txapelketa izango du. Kanporaketak, izango dira bertso afari zein merendu bueltan, edo areto txikietan. Hilabete honetan bertan, Gipuzkoan hasi dira, esate baterako.
Finalak berriz, oholtzan izango dira, herrialdeko Bertso Eskolen Egunaren baitan kasu gehienetan. Euskal Herriko finala, berriz, jai giroan egingo da. Ipar Euskal Herrian egingo da aurtengoa, ekainaren 10ean.
Saria, Ahots Baten Sormen Egonaldia parte hartzea
15-18 urte bitarteko Euskal Herriko finalistek sari ederra edukiko dute: Ahots Baten Sormen Egonaldian dohainik parte hartzeko aukera. Egonaldia 2017ko Gabonetan egingo da.
EGUTEGIA
Gipuzkoa: Azpeitin, apirilaren 2an.
Nafarroa: Leitzan, apirilaren 2an.
Araba: Apirilaren 13an gazteak eta maiatzaren 27an umeak.
Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoa: Maiatzaren, 20an.
Bizkaian: Ekainaren 3an.
Euskal Herriko finala eta festa: Ekainaren 10ean. Iparraldean.