Euskal blogintza aztergai, Azkue Fundazioak

Kronika - Erredakzioa 2017ko otsailaren 15a

Zenbat blog dauden euskaraz, nola kudeatzen diren, zein baliabide erabiltzen dituzten… Azkue Fundazioko langileei aspaldidanik datorkien zalantza da. Informazio falta nabarmena antzeman dute alor honetan, horregatik analisi sakon bat jarri dute martxan.  

Zeintzuk dira inkestaren helburuak?
Euskal blogintzaren gaineko ikuspegi erreal eta zabala lortzea da inkestaren helburua. Beraz, galdeketa ahalik eta euskaldun gehienengana iristea beharrezkoa da.  
Inkesta honetatik ateratako datuak esparruan lan egiten duten eragile guztientzat izango dira baliagarri: blogariak, irakurleak orokorrean, interneteko garatzaileak, erakundeak…

Gaurko egoera ezagutzeaz gain, galdeketa baliagarria izango da etorkizuneko estrategiak, garapenak eta egitasmo berrien beharrak ezagutzeko.

Ze motatako galderak egingo dira?
Zenbat blog daude euskaraz idatzita? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Nola daude garatuta? Etekinik sortzen dute? Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa da blog horiekin? Irakurleen beharrak asetzen dituzte? Zein gai gustatuko litzaieke irakurleei euskaraz landuta izatea?  

Zeintzuk dira inkestaren ezaugarriak?
Azkue Fundazioak ohiko komunikazio bideen bitartez publiko egingo du inkesta. Gizarte osora zabaldutako galdeketa izango da, alegia, edonork bete dezake: izan blogaria edo kontsumitzailea. Era berean, sarean ibiltzen den edozein euskaldunek ere hartu dezake parte. Galdetegiak bi ikuspegi landuko ditu, azterketa bikoitza burutu nahi baita: dagoeneko sarean dauden euskarazko blogen izaeran sakondu, eta, baita ere, irakurle edo kontsumitzaileok kontsumitzen ditugun blogak ezagutu eta hauek zein behar dituzten sumatu.

Blogetan! Euskal blogariak lehian
Euskaraz sortzen diren blogak ezagutzeko, zabaltzeko eta sustatzeko, Azkue Fundazioak, Argia aldizkariaren laguntzarekin, Blogetan! Euskal blogariak lehian egitasmoa jarri du martxan bigarrenez.

Informazio gehiagorako sartu hemen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!