Hirugarren errail bat izango du ohiko trenbide sareak, Astigarragatik Irunera bitarteko zatian. Eta horrek, ahalbidetuko du Euskal Y Frantziako trenbide sarearekin lotzea, Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, jakinarazi duenez: «hirugarren hariak ahalbidetuko du, abiadura haundia Paristik Donostiara iristea. Europa gertuago daukagu gaurtik, eta daukagun trenbide isolamendu arazoa konponduko da horrela», azaldu zuen.
Obrak dagoeneko martxan daude, eta bisitan izan ziren ostiralean, Tapia bera, Iñigo de la Serna Espainiako Gobernuko ministroa, Zorione Etxezarraga Astigarragako alkatea, eta baita Irun eta Donostiako alkateak ere.
Azaldu dute, lan horiek segurtasun instalazioetan egingo direla, trenbidearen ibilbide osoan zehar, eta tuneletako galiboa haunditu egingo da. Estazio eta geralekuak ere, zabalera mixtora egokituko dira, aurreratu dutenez. Eta nabarmendu dute, obren planifikazioa egin dutela, egungo tren zerbitzuetan ahalik eta eragin txikiena izateko, «eraikuntza teknika aurreratuenak erabiliz».