Babes ofizialeko zazpi etxebizitza zozketatu zituen Astigarragako Udalak, ostiralean, alokairu sozialeko erregimenean esleitzeko.
Publikoa izan zen zozketa, eta herritar asko bertaratu ziren; bertan ziren, baita ere, Zorione Etxezarraga alkatea, Jon Arregi zinegotzia, Kontxi Urdampilleta idazkaria, eta Beatriz Ibarburu hirigintza saileko administraria.
Zenbaki sarituak eta itxaron zerrenda osoa, zehaztuta
Zozketako bolatxoak, boluntario batek atera zituen, eta hauek izan ziren, Aiozategi kalea 4ko zazpi etxebizitzen zenbaki sarituak: 1.A etxebizitza egokitua, 76 zenbakiari; 2.E etxebizitza, 48ari, 3.A, 16ari; 2.F, 54ari; 4.E, 29ari; 3.E, 39ari; eta 5.E, 92ari.
Itxaron zerrenda osoaren ordena ere osatu zuten zozketan bertan, eta guztia dago ikusgai, Udalaren web orrian: www.astigarraga.eus.
Gainera, eskatzaileek etxean jasoko dute gutun bana, zozketaren emaitzarekin. Etxebizitzaren bat tokatu zaienek, bertan izango dituzte, baita ere, egokitu zaien etxebizitzaren planoa, kontratuaren xehetasunak eta baldintzak...
Eman beharreko pausoak ere, bertan izango dituzte zehaztuta. Ahal duten azkarren jarri beharko dute harremanetan Udalarekin, etxebizitza onartuko duten esateko.