Ezohiko plenoa egingo du gaur, Astigarragako Udalak. Eguerdiko 13:30etan bilduko dira, udaletxeko areto nagusian, eta 18 puntu landuko dituzte. Horietako zenbait, alkate eta zinegotzi aldaketak dakartzan izendapenak izango dira, batzordeetakoak, kontratazio mahaikoak...
Baina beste hainbat kontu ere landuko dituzte. Esaterako, aurreko aktak onartu ondoren, eztabaidatu eta bozkatuko dute plenoen aldizkakotasuna eta datak aldatzea: proposamena izango da, hilero egitea plenoa, azkeneko asteazkenean, 13:30etan; uztailean astebete lehenago izango litzateke, eta abuztuan eta abenduan ez litzateke bilerarik egingo.
Hiri-hondakinen udal ordenantzari, aldaketa
Landuko dute, baita ere, partehartze ordenantza urratu izanaren kexa bat; edota hiri-hondakinen udal ordenantzari hirugarren aldaketa egitea, besteak beste. Eta 2017ko Udal Aurrekontuaz ere ariko dira: alegazioak erantzun, eta behin betiko onartzea bozkatu.
Bozkatuko dute, baita ere, Udala atxikitzea Gipuzkoako herritarren partaidetzarako erakunde arteko espaziora. Eta azkenik, martxoak 8ari buruzko mozioa landuko dute.