Hernaniko Udala, herriko ikastetxeekin batera, Eskolako Agenda 21 programaren barruan mugikortasun jasangarria lantzen ari da. Hamairu urte pasa dira hasi zirenetik eta gai ugari landu dira orain arte. 2016-2017 ikasturtean mugikortasun jasangarriari heldu diote berriz. Egia esan gai hau duela 10 urte landu zuten, baina gauzak asko aldatu dira eta programa lantzen duten ikasleak ere bai.
Hernaniko ikastetxeetako ikasle denak, 3.000 inguru, dira herriko mugikortasun ereduak aztertzen ari direnak. Eskolako Agenda 21ak, hiru ardatz nagusi lantzen ditu: curriculuma, ikastetxearen kudeaketa eta partehartzea herrian. Ikastetxeen inguruan sortzen diren arazoak ugariak direla ikusten ari dira: eskolako sarrera eta irteeretan autoak bigarren ilaran jarrita edo espaloian igota, oinez edo bizikletaz iristeko segurtasun arazoak… ondorioz, zenbaitetan arrisku uneak sortuz. Hasierako diagnostikoa amaitu ondoren, ikasturteko bigarren hiruhileko honetan, kalera aterako dira, hainbat alderdi zuzenean ezagutzera. Adibidez, herritarrekin hitz egingo dute Hernanin mugitzeko dituzten ohiturak ezagutzeko, arazoak detektatu, konponbide proposamenak…
Ondorioak, ikasturte amaierako Udalbatzan
Beste batzuk herriko puntu beltzak zerrendatzen saiatuko dira: leku ilunak, bakartiak, pasatzean beldurra sortzen dutenak... Herriko bidegorria ere aztergai izango dute. Trafikoak herritarrengan duen eragin kaltegarria ere ezagutuko dute. Eta helduenak, auto eta bizikleta elektrikoen erabileraz arituko dira.
Diagnostikoa amaitzean, eskolako ekintza plana diseinatu eta ikasturte amaieran burutzen den Udalbatza prestatuko dute. Orduan ezagutuko dira ateratako ondorioak.