Goizean goizeko eguzkia lagun, ehundaka herritar gerturatu ziren atzo Aparrain mendian egindako 44garren Zuhaitz Egunera. Zuloak eta landatu beharreko zuhaitzak prest, atxurra besterik ez zuten falta gaztetxoek. Azalpen txiki batzuk entzun, bakoitzari zegokion zuhaitza hartu, eta lurzoruan sartzeari ekin zioten. Batzuk binaka edo hirunaka, baita familian ere! Denera 460 arbola gehiago dago atzotik Aparrain mendian, gailurra noiz ukituko zain. Horietatik 300 pagoak izan ziren, eta beste 160ak, ordea, bertako haritzak.