«Bizitza aurten oraingoz ez zait askorik aldatu»

Kronika - Erredakzioa 2017ko ots. 18a, 01:00

Itxaso  Otsoa hernaniarrak Miss Linda de Euskadi edertasun lehiaketa irabazi eta gero Miss Linda de Españan Oho­rezko Bigarren Linda aukeratua izan zen pasa den urteko, azaroaren 26an, Malagan. Gaur egungo edertasun lehiaketarik entzutetsuenetakoa da estatu mailan eta ia hiru hilabete igaro ondoren lorpen horrek zer suposatu dion azaldu dio Kronikari. 

Itxaso Otsoaren bizitza asko aldatu al da Ohorezko Bigarren Linda aukeratua izan eta gero?
Egia esan asko ez da aldatu oraindik. Andoainen, La Sallen, ari naiz bigarren batxilergoa ikasten. Datorren urtean ikasketak jarraituko ditut Madrilen eta hor aldatuko da, baina oraingoz Hernanin bizi naiz eta ez da aldaketa sakonik egon. 

Zergatik edo nork bultzatuta aurkeztu zinen?
DBHn laugarren mailan nengoenean Donostiako First Model agentziarekin lanean hasi nintzen eta beraiek animatu ninduten. Hamar hilabetetako ikastaroa eman zidaten eta esperientzia oso ona izan da. Jende asko ezagutu dut eta datorren urtean Madrilgo agentzi batekin hasiko naiz lanean.

Modelo lana eta ikasketak uztartuko dituzu beraz bertan
Horrela da. Zientzia politikoak ikasiko dut unibertsitatean. Giza eskubideen inguruko gaiak asko interesatzen zaizkit eta Zientzia Politikoak egokiak dira. Politika bera ere gustoko dut.

Lagunek zer diote lortutako emaitzarekin Miss Linda lehiaketan?
Egia esan beraiek dira nire makulu nagusia. Asko animatu naute eta dena zor diet. Izugarri laguntzen naute. 

Hernanin bizi zara. Zer duzu gustoko herritik?
Izugarri gustatzen zaizkit Hernaniko San Joan festak. Ni Gasteizen jaiotakoa naiz eta sei urte nituelarik etorri nintzen Hernanira.

Kronika irakurtzen duzu?
Bai, irakurtzen dut. Ogia erosi eta noiz behinka hartzen dugu etxean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!