Zomorroak puskak biltzera irtengo dira gaur, Aranoko ihauteriei hasiera emanez

Kronika - Erredakzioa 2017ko ots. 18a, 01:00

ihauteriak iritsi dira Aranora inguruko herri batzuetara baino lehenago. Gaur ekitaldi desberdinak antolatu dituzte urteroko plana jarraituz. Hala, goizeko 08:30etan abiatuko dira zomorroak puxka bil­tzera, eta herritarrek elkarrekin bazkalduko dute, baserriz baserri ibili ondoren.

Surotik, baserriz baserri
Aurreko urteetan bezalaxe, Suro izanen dute aranoarrek topaleku; berta­tik hasiko dute buelta 08:30etan.
Surotik hasita eta Izer eta Alabier trikitilarien laguntzaz, auzoz auzo ibiliko dira: Surotik Arranbidera joanen dira gero, Benta Berri zeharkatuko dute segidan, Be­heko Herri ondoren, eta azkenik, herrian bukatuko dute puxka bilketa. Bu­kaera arratsaldeko 15:00­ak aldera izanen da; orduan joanen dira de­nak soziedadera bazkaltzera.
Bertan bazkaldu ahal izateko, Kontzejun eman behar da izena, lehenbailehen.

Zahagi Dantza, 17:00ak aldera
Ordu zehatzik gabe, baina 17:00ak aldera, pasa den urtean bezala, Zahagi Dantza eginen da aurten ere. Orduan Zahagi Dantzaren testigua hartu zuten herriko haur eta gaztetxoek. 5 eta 14 urte bitartekoek egin zuten dantza, eta erdiko pertsonaiak ere, herriko bi mutikok antzeztu zituzten: aurten ere horrela izanen da.
Egunean zehar animatu ohi dituzte bi herritar, Zahagi Dan­tzako antzerkia egiteko, baina iaz, ez zen heldurik irten, ez ze­goelako perfil horretako inor. Belaunaldi ba­ten falta nabaritu du Aranok. Bazkal­ostean, or­dea, galdezka ha­si ziren hau­rrak, Zahagi Dantza ez ote zen eginen, eta zergatik. Or­du­an, haur eta gaztetxoak bildu ziren hitz egiteko, eta bi mutiko kozkorrenak animatu ziren erdiko pertsonaiak antzeztera. Gaur ikusiko da nork antzeztuko duen aurten, baina printzipioz haurrak izanen dira.

Herri afaria, eguna bukatzeko
Gauean, festarekin ja­rraitzeko aukera izanen dute aranoarrek, herri afarian. Urtero be­zala,   soziedadean eginen du­­te, eta festa giroa, alaitasuna eta kantuak ez dira faltako, bertan. Eta afal ondoren musika ez da faltako trikitilarien partetik. Bihar, Kontzejun, umeentzat txokolatada eta fu­tbolin lehiaketa antolatu dira 17:00etatik aurrera. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!