450.000 euroko inbertsioa, Iberoko Dorrearentzako

Kronika - Erredakzioa 2017ko ots. 18a, 01:00

Nafar Gobernuko Kultura Zuzendaria den Fernando Perez Gomezek pasa den astean Leitza eta Goizuetara egindako bisitan aditzera eman zuen Nafar Gobernuak Iberoko dorrea berreraikitzeko 450.000 euroko inbertsioa eginen duela 2017an.

Ordu batzuk lehenago Na­farroako Parlamentuko ordezkari batzuk bisitatu zuten. Ondoren Kultura Zuzendaria Iberon egon zen, VI. mendean eraiki zen burdinolaren gaur egungo egoera ezagutzen. 2006 urtean teilatua erori zen geroztik, asko hondatu dela eraikina.

Bisita aprobetxatuz, Leitza eta Goizuetako Udalek, Iñaki Sagredo arkeologoak Iberori buruz egindako txostena entregatu zioten Fernando Perez zuzendariari. Bi herrientzat oso garrantzitsua da burdinola berreskuratzea eta bisitaren balorazio oso positiboa egiten zuten, helburu horiek hein handi batean, beteta ikusten baitituzte Leitza zein Goi­zuetako Udalek. Horregatik Kultura Zuzendariak aditzera eman zuenez, Nafar Gober­nuak Iberoko dorrea berreraikitzeko 450.000 euroko inber­tsioa eginen du 2017an. Diru horrekin eraikina bere osotasunean konponduko da.

Lanak eraikinaren kanpoaldean zein barrualdean eginen dira, hala nola, teilatua konpondu, hormak berritu eta indartu. Gainera, Iberoko burdinolaren historia eta ondarearen garrantzia azalduko duten panelak ere jarriko dira dorrean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!