Energia Astea antolatu du Udalak datozen egunetarako. Gaur bertan emango zaio hasiera, eta horretarako, Energia Azoka egingo dute Plaza Berrin (euriarekin, Atsegindegin), Usurbilgo Lanbide Eskolarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean.
Goizeko 10:00etan irekiko dute azoka, eta eguerdiko 14:00ak arte izango da aukera profesionalen argibideak entzuteko.
«Teknologia herritarrengana iristea» da azokaren helburua, antolatzaileek azaldu zuten moduan. Plaza Berrin ezagutu ahal izango dira, besteak beste: eguzki indar termiko eta fotovoltaikoa; argizteria eraginkorra; instalakuntza termikoak; pellet eta biomasa galdarak; eta auto elektrikoa.
Beste bi ekintza, datorren astean
Baina azoka ez da Energia Asteko ekintza bakarra izango. Datorren asteazkenean Faktura elektrikoa ulertzeko tailerra eskainiko du Goiener Kooperatibak; eta hurrengo egunean, datorren ostegunean, Uhin taldea izango da gonbidatua, Nola aurreztu energia gure etxeetan gaiaren inguruan jarduteko.
Biak Biterin izango dira, arratsaldeko 19:00etan. Euskeraz izango dira, baina itzulpen-zerbitzua izango da.