Udal Gobernu taldeak jakinarazi du berretsi egin duela, «emakumeek erabakiak hartzeko guneetan presentzia eta partehartze haundiagoa izatearekin daukan konpromisoa»; hau da, Berdintasunerako Europako Gutunak jasota dituen gomendioak onartu eta martxan jartzeko konpromisoa.
Hain zuzen, adierazpen instituzionala onartu berri du Eudelek martxoaren 8ko Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira. «Adierazpen hori joan den asteartean, otsailak 14, egindako berdintasuneko batzordean aurkeztu zen, eta datorren otsailaren 22an egingo den Plenoan onartuko da, baina, ulertezina; ez du EH Bilduren babesik izango», azaldu du Gobernu Taldeak.
Mapa Morea, konpromiso horien eredu
Europako Gutunak jasotako gomendioak kontuan hartzeko konpromisoa orain azaldu badu ere, Gobernu Taldeak argitu du «konpromiso asko martxan» dauzkala dagoeneko, Astigarragako Udalak. «Udalerrian gauzatzen diren parte-hartze prozesuek genero ikuspegia kontuan hartzen dutela bermatzeari dagokionez, Udal Gobernuak bideratutako Mapa Morea eredu ezinhobea da».
Horrez gain, sexuaren arabera bereizitako estatistikak ere jasotzen dituela azaldu du; «kirol arloan, adibidez, tokiko esparruan emakumeen parte-hartzearen bilakaeraren jarraipena egin eta analisi horien araberako neurri zuzentzaileak hartu ahal izateko».
Era berean, azken bi urteetan Berdintasun Sailaren diru partida haunditu egin dela azaldu du, «ekintza ezberdinak aurrera eraman ahal izateko».
«Otsailaren 22an egingo den Plenoan onartuko da adierazpena, baina, ulertezina; ez du EH Bilduren babesik izango»
Astigarragako Udala, «alkatea emakumezkoa duten EAEko Udalen %24,7en artean»
Erabakiak hartzeko guneetan emakumeek presentzia eta partehartze haundiagoa izan dezaten Udalak azaldutako konpromisoaren adibide, datu gehiago ere eman ditu Udal Gobernu Taldeak.
«Euskal Autonomia Erkidegoko Udaletako %27,4etan soilik dira emakumeak alkate, eta Astigarraga hauen artean dago, Zorione Etxezarragak urtarrilean kargua hartu zuenetik.
«Astigarragako historia osoan aurreneko aldia da Udal Gobernuan gizonezko baino emakume gehiago dagoena»
Horrez gain, gobernu taldean emakumeek duten presentzia ere azpimarratu du. «Astigarragako historia osoan aurreneko aldia da Udal Gobernuan gizonezko baino emakume gehiago dagoena; EAJ-PNVren Udal Gobernu Taldea sei kidek osatzen dute, eta horietatik 4 emakumeak dira».