Iruña Veleiako 400 ostraken egiazkotasunari buruzko eztabaidak, urteak daramazki kolokan, eta horren inguruan eztabaidatzeko aukera irekitzeko, zenbait ekintza antolatu dituzte Dobera Euskara Elkarteak eta Hernani Errotzenek, elkarlanean.
Gaur emango zaio hasiera horietako bati. Iruña Veleiako 23 ostraken erreplikak egin ditu Carlos Uragak, eta Biteriko erakusketa aretoan egongo dira ikusgai martxoaren 2ra arte.
Eztabaida irekitzea, helburu
Carlos Uragak berak, Loli Pinedo zeramikariaren laguntzarekin, Iruña Veleiako ostraken 23 erreplika edo errekreazio egin ditu. «Helburua da Iruña Veleian aurkitutako ostraken gida bisual bat egitea, horiek eskala errealean ikusi ahal izateko, eztabaida honetan komunitate zientifikoari babesa emanez. Hala, grafitoen balioari garrantzia eman eta betirako ez lurperatzeko», azaldu zuen Urangak, herenegungo aurkezpenean. Izan ere, sortzailearen hitzetan, «epaileak ateak itxi behar lizkioke auziari, eta ateak ireki eztabaidari».
Sei hilabeteko lanaren emaitza da Hernanira ekarri duena; beraz, prozesua luzea izan da berarentzat: «errepliken lanketan bere garaian erabilitako ezaugarri berak erabili dira: garaiko buztinetara gehien hurbiltzen dena erabili da, eta errespetatu dira beraien formak, neurriak eta perfilak; labean egindako egosketa 850ºCra iristen da; gainera, lanketarako erabilitako tresnak antzekoak dira, eta eskuzko teknika da».
Erakusketan, 23 errepliken ondoan, bakoitzaren inguruko informazioa irakurri ahal izango da.
Bi hitzaldi, datozen asteetan
Erakusketaren osagarri gisa, bi hitzaldi ere antolatu dituzte Hernani Errotzenek eta Dobera Euskara Elkarteak. Aurrenekoa datorren ostegunean izango da, eta bertan, beraien esperientziaz jardungo dira Koenraad Van den Driessche geologian doktorea eta Idoia Filloy arkeologoa.
Van den Driesscheren hitzaldiak 8 urte begiratzen ausartu gabe izenburua izango du, eta bertan informazioa eta frogak azalduko ditu, ostrakak faltsuak ez direla ziurtatzeko. Filloyk, ordea, Neuk ikasi eta bizi izan nuena azalduko du hitzaldian.
Martxoaren 2an izango da bigarren zita. Patxi Zabaleta izango da protagonista egun horretan; SOS Iruña-Veleiako abokatua izandakoa da, eta Euskaltzaindiako kidea ere bai. Iruña-Veleia: auziaren aterabidea izango du hizpide.
Biak Biteri kultur etxean izango dira, arratsaldeko 19:00etan hasita.
Antolatzaileek, oharra
Antolatzaileek azaldu dute, saiakera egiten ari direla Iruña Veleiaren inguruko eztabaidan murgilduta dauden ahots guztiak ordezkatuta egon daitezen.