Torturaren Aurkako Eguna izan zen astelehenean, eta horren harira, kontzentrazioa deitu du gaurko Hernaniko Sortuk. Arratsaldeko 19:30etan elkartuko dira, Ertzaintzaren komisaldegiaren aurrean.
«Errealitate latza izan da»
Joxe Arregi duela 36 urte torturapean hil zutenak esaten zuena ekarri du alderdiak gogora: «errealitate oso latza izan da». Gainera, gogorarazi nahi dute: «tortura ez zen orain dela 36 urte amaitu, ezta gutxiagorik ere».
Sortuk dio, Eusko Jaurlaritzak Paco Etxeberria medikuari eskatutako txostenean 5000 tortura kasu baino gehiago frogatu direla, eta «horietatik oso kasu gutxi iritsi dira, urte asko pasa ondoren. Epaitegietara iritsitako kasu batzuk bakarrik zigortu dituzte».
Hernanin ere badira kasuak, Sorturen hitzetan, horregatik, eskatu diete «indar polizial horien guztien erantzule diren erakundeei, Espainiako Estatuari eta Eusko Jaurlaritzari, inpunitatea bukatu dadila, eta egin dezatela biktima guztien aitortza, erreparazioa eta jarri ditzatela ez errepikatzeko bermeak».
Bake osoa, nahi eta behar
Era berean, aldarrikatu dute Euskal Herriak «bake osoa nahi eta behar» duela, eta horretarako, ezinbestekoa dela «’eskubide guztiak, pertsona guztientzat’ eskema aplikatzea. Izan ere, gatazka politiko honetan, bortizkeria mota ugari izan dira».