Energiaren Astea antolatu du aurrenekoz Udalak hilaren 18tik 23ra arte, hau da, larunbatean hasi eta datorren ostegunera bitarte. Energia Azokak estreinatuko du astea, eta hitzaldi batek eta tailer batek borobilduko du, datorren astean.
Prentsaurrekoan eman zuten astearen berri Mattin Aldaia Ingurumen zinegotziak, Nora Erdozia udal teknikariak, eta Olatz Lazkano Usurbilgo Lanbide Eskolako ordezkariak.
Energia Azoka, aurrenekoz
Larunbatean emango zaio hasiera Energia Asteari, Energia Azokarekin. Plaza Berrin jarriko dute (euria egiten badu, Atsegindegin), goizeko 10:00etatik 14:00etara.
Olatz Lazkanok, Usurbilgo Lanbide Eskolako ordezkariak, azaldu zuenaren arabera, «teknologia herritarrengana iristea» da azokaren helburua. Horretarako, hainbat postu jarriko dituzte, gaur egun pil pilean dauden hainbat teknologiekin. Besteak beste bertan ezagutu ahal izango dira: eguzki indar termiko eta fotovoltaikoa; argizteria eraginkorra; instalakuntza termikoak; pellet eta biomasa galdarak; eta auto elektrikoa.
Eta horien berri emateko, bertan izango dira Usurbilgo Lanbide Eskolako irakasleak; beraien laguntzarekin ere herritarrek beraien zalantzak argitzeko aukera izango dute azokan bertan. Baita Gipuzkoako Arkitekto Eskolako Jasangarritasun Batzarraren laguntza ere, Plaza Berrin izango baitira etxebizitzen isolamenduari eskainitako postuan.
Horrez gain, haurrentzako txoko berezia egongo da, gaiaren inguruko eskulanak egin ditzaten. Bukaeran, gainera, zozketa berezi batean parte hartu ahal izango dute etxeko txikienek.
«Herri batek duen edo nahi duen jendarte mota, eredu energetikoarekin erabat lotuta dago»
Erakundeen arteko elkarlanaren emaitza
Hernanin, bertako Udalaren babesarekin antolatzen badute ere, azokaren zati bat Foru Aldundiak finantzatzen du.
Izan ere, Lazkanok argitu zuenez, «eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriak sustatzeko, 2015ean Usurbilgo Lanbide Eskolak Foru Aldundiko Ingurumen sailarekin sinatutako akordioaren barruan gauzatzen da azoka».
Hernanin egingo duten aurreneko aldia da, baina dagoeneko egin dituzte hainbat azoka Beterri-Buruntza mailan; 2016ean sei azoka antolatu zituzten, horien artean bat Lasarte-Orian egin zuten, eta beste bat, Usurbilen.
Hitzaldi eta tailer bana, datorren astean
Bestalde, hitzaldi eta tailer banak borobilduko dute jardunaldi berezia datorren astean. Goiener kooperatiba izango da protagonista datorren asteazkenean, hilaren 22an; Faktura elektrikoa ulertzeko tailerra eskainiko dute. Eta ostegunean, Nola aurreztu energia gure etxeetan izenburupean, hitzaldia emango dute Uhin taldeko kideek. Biterin izango dira bi ekintzak, arratsaldeko 19:00etan.
Enegia Iraunkorrerako Plangintzari lotuta
Mattin Aldaia ingurumen zinegotziak lotura zuzena egin zuen Energiaren Astearen eta Udala gauzatzen ari den Energia Iraunkorrerako Plangintzaren artean: «herri batek duen edo nahi duen jendarte mota, eredu energetikoarekin erabat lotuta dago. Gainera, energiaren sektoreak izugarrizko eragina du ingurumenean eta energia ereduaren arabera lortuko dugu, ala ez, garapen sozioekonomikoaren eta ingurumenaren arteko oreka». Besteak beste, horregatik Energia Iraunkorrerako Plangintza hasi ziren lantzen Udaletik 2016ko azaroan; eta datorren martxoan bukaera emango diotela aurreikusten dute.
Aldaiak azaldu zuen «udal egoitzen energia kontsumoaren diagnosia eta azterketa egitea» izan dela aurreneko urratsa; ondoren, helburuak finkatuko direla, eta bukatzeko, horiek lortzeko ekintzak eta bitartekoak jarriko direla.
Dena den, horren guztiaren berri aurrerago emango dute: «fase bakoitzaren emaitzak eta erabakiak plazaratuko ditugu», bukatu zuen Aldaiak.