Taldeko gaztetxoenak herriko atletismoaren etorkizuna direla argi daukate CD Hernaniko atletismoko sailean, eta horregatik, txikienen afizioa bultzatzea dute helburuetako bat.
Horretarako antolatzen dute, hain zuzen, Adarraga Memoriala. Igandean atletismo pistan egingo dute 53garren edizioa goizeko 11:00etan hasita, eta bertan izango dira Gipuzkoako alebin eta infantil mailako atletak.
Bost lasterketa, goizean zehar
Denera, bost lasterketa izango dira goizeko 11:00etan hasi eta 12:15ak aldera arte. Aurreneko lauak alebin eta infantil taldeei dagokie, eta Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren barruan jokatuko dira: infantil mutilak izango dira aurrenekoak 2.736 metroko distantziarekin; infantil neskak, gero, 2.122 metrorekin; alebin mutilak jarraian, distantzia berarekin; eta alebin neskak, ondoren, 1.508 metroko lasterketarekin. Azkenekoan, aldiz, atleta txikienek, benjamin mailakoek, hartuko dute parte.