Lankidetza-hitzarmena sinatu zuten urtarrilaren 27an Beterri-Buruntzako sei Udalek, hau da, Hernani, Astigarraga, Urnieta, Usurbil, Lasarte-Oria eta Andoainek, sustapen ekonomikoa eta enpleguaren alorretan eskualdean abian dauden programak eta zerbitzuak modu bateratuan eskaintzeko.
Hitzarmenaren garrantzia ikusita, balorazioa egin zuten atzo EH Bilduren Beterri-Buruntzako hautetsietako bostek: Luis Intxauspe Hernaniko alkateak; Ana Carrere Andoaingo alkateak; Andoni Gartzia Astigarragako zinegotziak; Lasarte-Oriako zinegotzi Pablo Barrio; eta Alaitz Aizpurua, Usurbilgo hautetsia.
Lehentasunezko gaia
Aurreko legegintzaldian hasi ziren horretan lanean, Andoni Gartziak azaldu zuenez: «EH Bildutik joan den legegintzaldian hasi ginen udalen arteko lankidetza hori egituratzeko aukerak aztertzen eta lantzen». Izan ere, EH Bildurentzat «lehentasunezko gaia» dela diote, horregatik, «indar haundia jarri dugu eskualdea osatzen dugun udalen arteko elkarlana bultzatzen eta marko juridiko bat sortzen». Gainera diotenez, «gure eskualdearen garapenak ekonomia eraldatzailearen printzipioetan oinarrituta egon behar duela oso garbi daukagu».
Ordutik, egoera politikoa ere aldatu dela adierazi zuten: «eskualdeko udal gobernuetan egun kolore politiko desberdinak daude, eta EH Bildutik ahalegin haundia egin dugu denen irizpideak eta interesak kontuan hartzen».
Ekonomia sozial eta eraldatzailea, oinarri
Era berean, lankidetza-hitzarmenarekin ez dute edonolako garapen ekonomikoa sustatu nahi: «ekonomia sozial solidario eta eraldatzailearen printzipioen araberako garapena sustatu nahi dugu». Eta horregatik, lankidetza-hitzarmen hau bultzatu dute, «gure eskualdea bidezkoagoa, iraunkorragoa eta parekideagoa lortzeko tresna izan dadin».
Horrela bada, «lan bila dauden pertsonei, formakuntza nahi dutenei, ekintzaileei, enpresei eta, oro har, herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena ematea da gure erronka», azaldu zuten.
Helburu hori lortzeko, «baliabideak elkartu, antolatu eta toki garapena, sustapen ekonomikoa eta enpleguaren alorretan eskaintza bateratua egitea» ahalbidetuko du hitzarmenak, EH Bilduren ustez.
Garapen agentzia, erronka
Aurreneko pausua emanda, «etorkizunean garapen agentzia edo eskualdeko izaera duen entitate bat eratzeko lanean» jarraituko dutela, iragarri zuten atzo, EH Bilduko hautetsiek.