Inauterietako aurreneko notak, igandean

Kronika - Erredakzioa 2017ko ots. 14a, 01:00

Inauteriak ospatuko dituzte hernaniarrek datorren astean, hilaren 24tik 28ra bitartean. Baina hasiera ofizialaren aurretik, ezinbesteko bi zita izango dira asteburu honetan: iñude eta artzaien irteera, batetik; eta Hernaniko Musika Bandaren kontzertua, bestetik.

Iñude eta artzaiak, goiztiarrenak
Urumea ikastolako gaztetxoak izango dira herriko kaleak girotzen aurrenak. Goizeko 11:45etan egingo dute irteera ikastolako patiotik konpar­tsako protagonistak, iñudeak eta artzaiak, eta beste kide guztiak: globeroak, pirulete­roak, barkileroak, umezainak, alkatea, sendagileak, eri­zainak, zapata garbitzaileak... Eta denak egingo dute kalejira Urumea txarangaren eta dan­borradaren erritmora.

Musika Bandak, testigua
Plazan bukatuko du kalejira Uru­mea ikastolako konpar­tsak, eta bertan egingo dute bat Hernaniko Musika Ban­da­rekin, 12:30ak aldera. 
Iñude eta artzaien an­tzez­pena eta dantzaldia buka­tze­an, eguerdiko 12:45etan, hasi­ko du Hermubak inauterie­tako aurreneko kontzertua, udaletxeko aurkupeetan. 
Herriko musikariek aurre­ra­tu dutenez, «Tolosako melo­dia ezagunez» osatutako emanaldia izango da, eta beraz, «ez da harritzekoa en­tzulegoak bere txaloekin ja­rraitzea abestien erritmoak edota entzulego animatuago­ren bat dantzan hastea». 
Izan ere, garai batean,  Tolosako inauterietako melo­diak oso ezagunak egin ziren Herna­nin, herri horretako txaran­gak maiz izaten zirelako San Joanetan, kalerik kale.


Bigarren kontzertua, hurrengo ostiralean
Ez da, ordea, inauterien buel­tan egingo duten emanaldi ba­karra. Datorren ostiralean, iluntzeko 20:00etan, Italiara bidaiatuko dute entzuleek. Milagrosan izango da hori, eta bertan izango da, beraiekin batera, Tino Martini abeslari italiarra, Toscanako txoritxoa ezize­narekin ezagunagoa dena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!