«Hernaniarrengana iritsi nahi genuen», zioen Nagore Legarreta argazkilariak, eta hori da gaurko emanaldiarekin lortu nahi dutena. Ixtear den argazki erakusketaz haratago, herritarren babesa sentitu egingo dute gaur iluntzeko 20:00etatik aurrera, Biteriko areto nagusian. Sarrera debalde izango da, aretoa bete arte.
Legarretarekin batera, eszenatokira igoko dira beste sei artista: Mariano Hurtado, Txaro Unzilla, Danele Sarriugarte, Aida Torres, Beñat Iturrioz eta Gorka Setien.
Estilo bereko ikuskizuna
Hysteron izenburupean (grekeraz, umetoki) kamara estenopeikoarekin egindako 12 argazkiko erakusketa jarri zuen Legarretak Biterin, pasa den hilaren 3an, eta gaur itxiko du emanaldi bereziarekin.
Nagore Legarretak berak aurretik Kronikari azaldu bezala, hasieratik asmoa izan da, «jendeari gerturatzea koadroen atzean dauden ideiak». Eta bide horretan, hainbat elementu uztartuko dituzte: testua, dantza eta musika.
Testuekin parte hartuko dute Setien eta Sarriugartek; gorputz adierazpena egingo du Unzillak; eta Iturrioz, Hurtado eta Torresek, emanaldia musikatzeari ekingo diote. Bertan izango da, baita ere, Legarreta bera. Elementu horiekin 45 minutuko ikuskizuna sortu dute, eta erakusketan dauden elementu guztiei egiten diete erreferentzia: nola egiten den dantza, musika tresnak ere ontziekin egindakoak dira...