Adinekoentzat, programa berri bat jarri dute martxan, Hernaniko Zerbitzu Sozialek. BiziPoz programa abiatu dute, «zahartze aktiboa sustatzeko». Otsailetik ekainera izango da egitasmoa, eta astean behin egingo dituzte saioak.
«Herritar aktiboak eta partehartzaileak nahi ditugu Hernanin, txikitatik hasi eta hirugarren adinera arte», azaldu du Udalak. Eta nabarmendu du, apustu horren emaitzetako bat dela BiziPoz ekimena, jubilatuen mahaiaren harira sortu dena.
15-20 laguneko taldea
Programa honetarako, 15-20 laguneko taldea osatu dute. Ostegunean egin zuten aurkezpena eta aurreneko saioa, eta hemendik aurrera, astero elkartuko dira Biterin. Bertan, haien intereseko gaiak landuko dituzte, eta dinamizatzaileaz gain, saio bakoitzerako aukeratutako gaian aditua den norbait egongo da, saioa gidatzeko.
Baina edukiak landu bakarrik ez, proiektu bat ere diseinatuko dute BiziPoz programako partehartzaileek: herriarentzako interesgarria izan daitekeen programa edo ekimen sozial bat.