Gaur ospatuko dute, Hernani ezagutuz ekimenaren edizio berri bat. Eta oraingoan, Epele da ezagutuko duten zonaldea, PR-Gi 1002 ibilbidea eginez, Hernaniko Ibilbide Sarekoa.
Goizean goiz jarri dute zita Atsegindegin; 08:30etan elkartuko dira. Bertatik egingo dute Epelera, ibilbidean gora abiatzeko. Erreka ertzetatik eta baso ilunetan barrena ibiliko dira, guztira ia 9 kilometroko ibilbidea osatzeko: 8,6 kilometro egingo dituzte, 490 metroko desnibelarekin.
Hala ere, zailtasun berezirik gabeko ibilbidea da, Mendiriz Mendik jakinarazi duenez. Eta nahikoa izango da, mendiko material arrunta eramatea. Gutxi gorabehera, hiru ordutan osatzea aurreikusi dute.
Joateko, aurrez izena eman beharrik ez zegoen... Goiz jaiki beharra bai, ordea! Nahikoa da Atsegindegiko zitara azaltzea. Doan izango da irteera.
Igorin-Akola estazio megalitikoa, bidean
Ibilbideko puntu esanguratsuenetako bat, Igorin-Akola estazio megalitikoa izango da. Hernaniko lurretan, zazpi trikuharri dauzka estazioak, eta horretaz gozatzeko aukera izango dute, bertaratuek. Ondoen kontserbatuta dagoena, Sagastietako Lepoa I izenekoa da.
Nahi izanez gero, Akolako atsedenlekuan ere izango dute aukera, geldialditxo bat eta hamaiketakoa egiteko!