Herenegun ireki zuten, ofizialki, herria bera eta Zarkumendegi futbol zelaia lotzen dituen bidegorria. Bertan izan ziren, hain zuzen, Zorione Etxezarraga alkate izendatu berria, eta Marisol Garmendia mugikortasun eta lurralde antolaketako diputatua.
1,2 kilometroko bidea
Garmendia diputatuak azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikleta Bideen Alorreko Lurralde Planaren barruan kokatzen da bidegorria, hain zuzen, Astigarraga eta Oiartzun lotzen dituen ibilbidearen barruan. 1,2 kilometroko luzera dauka, herritik Zarkumendegira arte dijoa.
Bizikleta, egunero mugitzeko aukera
Zorione Etxezarraga alkateak azaldu zuenez, «inaugurazioarekin, prozesu bati bukaera emango zaio, aurrerago, herriko mugikortasunaren azterketa batekin borobilduko dena». Gainera, adierazi zuen: «mugikortasun jasangarria proiektu estrategikoa da Udalarentzat. Honek, herriko eguneroko mugikortasunerako aukera osatzen du».
Horregatik, bidegorria erabili edo probatzeko gonbidapena luzatu nahi izan die alkateak astigartarrei: «bidegorriaren erabilera sustatu behar dugu, eta hori eredu izanez egin behar dugu».
Segurtasuna ere, kontuan
Bidegorria eraikitzeaz gain, Marisol Garmendia diputatuak azaldu zuen segurtasuna ere kontuan izan dutela; horretarako, «argiteria jarri da bidegorri osoan, eta Zarkumendegiko eta Larraburu-Usategietako bidegurutzeetako segurtasuna hobetu da».
Administrazioak, elkarlanean
2015eko abendutik 2016ko abendura arte, 724.992, 9 euroko gastua izan du bidegorriak, horietatik %67a diputazioak hartu du bere gain, eta %32a, Udalak. 2015ean Astigarragako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean sinatutako akordioaren emaitza da.