Lau hilabete dira, Do Re Ni proiektu berritzailea martxan jarri zutela, Xabier Lizaso musikari eta ikertzailearen eskutik; helburua, haurren garuna musikaren bitartez estimulatzea da. Eta proiektu honetan ari dira parte hartzen hamabost ikastetxe; tartean, Urumea ikastola.
Guztiak elkartu ziren urtarrilaren bukaeran, Andoaingo Bastero kulturgunean, proiektuak lau hilabete hauetan eman duena plazaratzeko, eta landutakoa aurkezteko, lagun eta gurasoen aurrean. Eta bide batez, plangintzaren azken pausoak ere eman zituzten.
Ikasleak taula gainera, zuzeneko musikarekin
Gauzak horrela, taula gainera igo ziren ikastetxe guztietako ikasleak, eta ordubeteko emanaldia eskaini zieten bertaratuei, zuzeneko musikarekin, eta Andoni Egañaren aurkezle lanak lagunduta.
Haurrak izan ziren protagonista, beraz, baina gurasoek ere hartu zuten parte emanaldian. Izan ere, abestien, jolasen eta dantzen bitartez, guztiek batera landu zuten garunaren estimulazioa.
Azkenik, eskerrak eman nahi izan zizkieten, proiektua aurrera eramateko, beraien laguntza eta babesa eskaini duten guztiei. Eta aurreneko Do Re Ni eskertza saria ere banatu zuten: Lasarte-Oriako Berritzeguneak jaso zuen, eta bereziki Oscar Viguera bertako zuzendariak, proiektuarekin izan duen inplikazioa errekonozitzeko.
Irailetik martxan, proiektua
Irailean jarri zen martxan Do Re Ni proiektua, eta bertan, eskolaz kanpo, joko ezberdinen bitartez landu dituzte ikasleek, garunaren atal desberdinak, estimulatuz.