Bilerak egiten jarraitzen du Jai Batzordeak, San Joan jaiei begira. Eta aurrekoan, zenbait erabaki hartu zituzten.
Horrela, sokamuturraren eta zezen txikien gaiarekin lotuta, erabaki dute, biak egun bat gutxiagoz egitea. Eta aukeratutako eguna, ekainaren 27a izan da. Hortaz, jaien azkeneko egunean ez da izango sokamuturrarik Kaxkoan, ezta zezen txikirik Latsunben.
Ordezko jarduerak, 27an
Horien partez, ordezko jarduera batzuk egingo dituzte, eta hori ere eztabaidatu zuten azkeneko bileran, urtarrilaren 11n, hain justu.
Proposatu ziren jardueren artean, bi izan dira aukeratutakoak, sokamuturraren ordez egiteko, egun horretan: aulki dantza txistulariekin, eta bola erraldoiaren entzierroa.
Eta zezen txikien ordezko jarduerak, berriz, beste bi izango dira, ekainaren 27an: bola erraldoiak, eta giza-futbolina.
Batzordearen hurrengo bilera, martxoaren 6an
Behin erabaki horiek hartuta, San Joanak prestatzeko lanean jarraituko du Jai Batzordeak. Eta dagoeneko, jarri du hurrengo bilerarako zita ere: martxoaren 6an izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita, Biteri kultur etxean.
Bestalde, otsailaren 22ra arte dago epea, jaien inguruko proposamenak egiteko. Biterin daude eskaera orriak.