Bergaran izan ziren gimnasta hernaniarrak lehengo larunbatean, Eskolarteko A mailako eta Amateurren Txapelketako aurreneko fasea jokatzeko.
Goizean, eskolarteko A mailako infantilek eta A eta B mailetako kadeteek hartu zuten parte, eta arratsaldean, amateurren kategoriako gimnastek. Hernaniarrek lan polita egin zuten, eta klubak jakinarazi du «gimnasta guztiez oso harro» daudela.
Podiumean, hiru
Aparatu batzuek nahikoa buruhauste sortu zizkien gimnastei. Hori horrela, batzuk ez ziren erabat gustora geratu egindako lanarekin, gauzak ez baitzitzaizkien atera, nahi bezala.
Hala ere, klubak denek egindako lan ona nabarmendu du. Horietako batzuek, gainera, postu onak ere lortu zituzten: Kadeteen B mailan, Hernani 2 taldeak aurreneko postua lortu zuen, bi uztai eta bi pelota erabilita; senior b mailan, Beatriz Perez izan zen txapelduna, pelotarekin lan eginda; eta kadete B mailan, bigarren egin zuen Ana Lujambiok, sokarekin.