Finalerdietara sailkatzea dute helburu Hernaniko pelotariek Euskal Herriko txapelketan, eta bide horretan, ezinbestekoa izango dute gaurko jardunaldian aurrera egitea. Hernanin bertan, etxean daukate zita herriko pelotariek, goizeko 11:00etatik aurrera, kiroldegiko frontoian.
Bi partidu, nagusien mailan
Hain zuzen bi partidu izango dira gaur, nagusien mailako pelotarienak biak. Aurreneko mailako Paul Ojuel eta Eneko Aizpitartek estreinatuko dute jardunaldia goizeko 11:00etan, eta dena eman beharko dute Ilunpe taldeko azpeitiarrak garaitu eta finalerdietarako txartela eskuratu nahi badute, izan ere, azpeitiarrak partidurik galdu gabe iritsiko dira gaur Hernanira.
Ordu erdi beranduago hasiko da bigarren mailakoen norgehiagoka. Hernaniko taldetik Iñigo Urkizu eta Iñigo Labakak astinduko dute pelota, eta Paz Ziganda bikote nafarra izango dute, aurrez aurre. Beraiek ere, irabazi beharko dute, finalerdietan egon nahi badute.
Jubenilak, Gaskan
Gipuzkoako Trinketeko Txapelketan ere jokatzen ari dira hernaniarrak. Bertan dira, hain zuzen, Lazkano eta Arizmendi jubenilak, eta gaur jokatuko dute Gaskan, 16:30etan hasita. Urnietaren kontra irabaziz gero, finalerdietan izango dira, zuzenean.