Beterri-Buruntzaldeako sei udalek proiektu baten berri eman nahi izan diete herritarrei: Hazilan programa abiatu du Garapenek, Garapen Agentzien Euskal Elkarteak, proiektuko kide diren hogei garapen agentziarekin batera, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Europako Gizarte Funtsarekin elkarlanean. Gazte enplegua sustatzeko, sei milioi euroko apustua egin du Garapenek; erdia, Europako Gizarte Funtsak finantzatua. Eta apustu horren barruan kokatzen da, Hazilan proiektua ere.
2016-2021 aldirako da proiektua, eta zuzenduta dago, langabezian dauden 20-35 urte bitarteko gazte kualifikatuei; unibertsitateko edo goi-mailako lanbide heziketa zikloko titulazioa dutenei, hain justu: «kolektibo horrek, prestakuntza maila haundia badu ere, zailtasun haundiak ditu lan merkatuan sartzeko, bere lanbide profilari lotutako esperientziarik ez duelako, batetik, eta enpresek eskatutako zeharkako konpetentzia eta gaitasunen jabe ez delako, bestetik», azaldu dute udaletako ordezkariek.
Unibertsitateko edo goi mailako lanbide heziketa zikloko titulazioa dutenei dago zuzendua hain justu
«Helburu nagusia laneratzea da, laguntza bidez»
Aurreratu dute, Hazilanen helburu nagusia laneratzea dela, «laguntza pertsonalizatuaren bidez». Horretarako, metodologia «berritzailea» proposatzen dute, ibilbide pertsonalizatu batean oinarritua, eta egokitua «partehartzaileen ezaugarri pertsonaletara eta enpresek eskatutako proiektu profesionaletara».
Aurreneko fase batean, bilatzen dute pertsonen aktibazioa; eta ondoren, proiektuaren arabera, ikasketa espezializatuak egiten dituzte, eta baita praktikak ere, edo enpresa-proiektuetan parte hartu.
Enpresan prestakuntza eskaintzen da lanpostu jakin bat betetzeko eta 300 ordu inguru iraungo du. Praktikak egiteko hiru hilabetetik sei hilabetera bitarteko egonaldiak gauzatu behar dira enpresetan.
Martxoaren 15era arte
Interesa dutenek, interneten daukate ikusgai informazio guztia, www.hazilan.eus web orrian; eta baita Andoaingo Udalean ere: udaletxean bertan (Urigain etxea, La Salle etorbidea 6), 943 30 42 21 telefonoan, eta hazilan@andoain.eus helbidean. Parte hartu nahi duenak, martxoaren 15era arte dauka izena emateko epea.