Astigarragak hiri hondakinak biltzeko edukiontzien bidezko sistema berriaren ezarpenean hurrengo pausoa emango du datorren astean. Herritarrek abendutik erabiltzen dituzten ontzi arinen eta papera/kartoiaren edukiontzi hori eta urdinei, organikoaren marroiak gehituko zaizkie.
Udalak udalerriko etxe guztietara txip bidezko txartelak eta argibide-eskuorriak bidaliko ditu. Organikoarentzako edukiontziak egunero nahi adina aldiz ireki ahal izango dira, txartela erabiliz. Eskuorriak txartela nola erabili behar den adierazteaz gain, organikoaren edukion-tziak noiz hustuko diren zehazten du.
Nahiz eta organikoko edukontzien ezarpena Udal taldeak espero zuena baino gehiago luzatu den, Udal gobernuak positibotzat jotzen du herritarren erabakiaren alde laster emango den urrats berria, «are gehiago kontuan izanda organikoa dela, hain zuzen ere, atez atekoarekin kexa gehien eragin duen frakzioa, astigartarrek ezin dutelako egunero atera».
Zaborra gutxitzen doa
Bestalde, Udal gobernua pozik azaldu da azken asteetan edukiontzien ondoan agertzen ziren zabor poltsak nabari gutxitu direlako. Oraindik bilketa puntu batzuetan (Arrobitxulo, Correos eta Dia-ren parekoa) arazoak jarraitzen duen arren, bizilagunak sistema berrira egiten ari dira.
«Astigarraga garbi mantentzea guztion erantzukizuna da, eta horretarako ezinbestekoa da gaikako bilketa erantzukizunez egitea eta zaborra behar bezala botatzea», komentatu dute alkate-tzatik.