Sarrera gutxi geratzen dira, dagoeneko, Bertso Gutiziak saiorako. Izan ere, gehientsuenak saldu dira, eta Kronikako irakurleen artean ere hainbat zozketa egin dira. Hala ere, oraindik eskuratu daitezke.
Otsailaren 17an Basque Culinary Centerren izango da Bertso Gutiziak saioa, 19:00etan hasita; bertsotan ariko dira Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Iker Zubeldia eta Unai Agirre, Aitor Mendiluze gai-jartzaile dutela. Ondoren, BCCko ikasleek prestatuko gutizia bereziekin afari-merienda egin ahal izango da.
Bost irabazle
Kronikak hainbat sarrera zozketatu ditu irakurleen artean.
Dobera-Kronikako bazkideen artean bi sarrera bikoitz; Garbiñe Tijerok eta Lide Irizarrek irabazi dituzte. Sare sozialetan albistea partekatu duten irakurleen artean ere, beste bi sarrera bikoitz; Garazi Garmendia eta Leire Goñi izan dira irabazleak. Azkenik, bertso bat botatzen zutenen artean ere, beste bi sarrera bikoitz zozketatzekoa zen Kronika. Baina parte-hartzaile bakarra izan da, eta ederra, bota duen bertsoa! Xabier Arrojok jasoko ditu beste bi sarrera bikoitz.
Sarrerak jasotzeko, irabazleek nahi dutenean Kronikatik pasa besterik ez dute.
Azken sarrerak, salgai
Dena den, sarrerak geratzen dira oraindik, bailarako hainbat puntutan, 20 euroan: Hernanin, Kronikako bulegoan (Larramendi, 11), eta Aralar tabernan (Kixkalen bukatu dira); Ereñotzun, Irrintzi tabernan; Goizuetan, Amaia kafetegian; eta Astigarragan, Ikatza tabernan.
Bertso irabazlea
(doinua: Iparragirre)
Ostiralean goza ditzagun
gure bertso gutiziak
maite ditugu goitik behera
holako saio bitxiak.
4 bertsolari handi
gu denok adi-adi
ta mokadu bereziak
bai bertsoak baita mokaduak
proba ditzagun guztiak.
Xabier Arrojo Cabrejas