Bere kezka azaleratu nahi izan du Hernaniko EAJ-PNVk, astelehenean Oarso kalean gertatu zen sutearen ondoren: «oso kezkatuta gaude, gazte lokalen egoeragatik, hutsune legala dagoelako gazte lokalen eta horien erabilpenaren inguruan», adierazi du.
Andoni Amonarraiz bozeramaileak azaldu du, 2016ko azaroan «idatziz» eskatu zutela «berehala hastea ordenantza bat idazteko lanean, aurreko legegintzaldian hainbatetan eskatu ondoren». Eta jakinarazi du, EAJk ordenantza idazteko modelo bat jarri zuela mahai gainean: «baina gaur egun, oraindik ez da ezer egin gure proposamenaren inguruan, eta esan digute dagoeneko lanean ari direla gazteekin», adierazi du Amonarraizek.
«Beste herri batzuetan, ordenantzarekin arazo gehienak konpondu dira»
EAJk azaldu du, gainera, gaia aztertu duela beste herri batzuetako ordezkari politikoekin, eta ikusi dutela, horrelako lokaletan sortu diren arazoak «konpondu egin direla, hein haundi batean, ordenantza bat onartzean. Ordenantza horrek, jaso behar lituzke, besteak beste, zein lokal motetara sartu daitezkeen gazteak, zein segurtasun neurri bete behar dituzten, aforoa... Hori ikusita, Bilduri eskatuko diogu, berehala jarri gaitezela lanean, lokal horien erabilera erregulatzeko», aurreratu dute.
Izan ere, EAJk uste du, Hernanik tresna bat behar duela, «gazte lokalen funtzionamendua erregulatu eta giza arriskuak eta arrisku materialak gutxituko dituena».