«Albiste bikaina da Hernaniko herritarrentzat», adierazi du Ricardo Crespok, PSE-EEren bozeramaileak, Udalak hartu duen neurriari buruz: KIUBek aholkularitza zerbitzua emango die herritarrei, zoru klausulen inguruan.
Bere poza azaleratu du, eta gogoratu du, aurreko urteko aurrekontuei, zuzenketa bat aurkeztu zietela, horrekin lotuta zegoena: «2016ko aurrekontuetarako proposatu genituen gauzen artean zegoen, besteak beste, Zerbitzu Sozialen barruan bulego bat sortzea, lagundu eta aholkatuko ziena herritarrei, etxeko ekonomiarekin lotutako gaietan», nabarmendu du.
Crespok gogora ekarri duenez, «garai hartan krisi ekonomikoaren urte gogorrenak bizitzetik gentozen, eta hernaniar askok zeuzkaten arazoak, argindarraren eta gasaren fakturak, edota hipoteka gastuak ordaintzeko. Horregatik proposatu genuen hori».
Aholkulari energetikoa, kontsumoa murrizteko
Horretara, urtean 15.000 euro bideratzea proposatu zuen, «eta hein batean, Eusko Jaurlaritzaren laguntzekin ordaindu zitekeen». Sozialisten asmoa zen, «herriko aholkulari energetiko moduko bat sortzea»
Aholkulari horrek lagunduko zien herritarrei, etxeko energia kontsumoa murrizten, enpresekin negoziatzen, eta etxeko ekonomian sortu litezkeen egoerak aztertu eta konponbidea bilatzen.
Egoera horien artean egongo litzateke, besteak beste, hipoteka ordaintzeko arazoak izatea.