«Erailketak gertatu ziren lekuetan izan ginen, eta ontzi ondoratuen bila ere bai»

Kronika - Erredakzioa 2017ko ots. 9a, 01:00

'Euskal Balezaleen Triskantza' emango duzue datorren ostegunean, Biterin. Zer jasotzen du dokumentalak?
Dokumentalak bi istorio elkar-nahasten ditu. Batetik 1615ean Islandian jazo zen gertakari historikoa, animazio bidez eta adituei eginiko elkarrizketen bidez berreraikitzen saiatu garena. Eta bestetik ni eta Ander Arrese arkeologook, eta Eñaut Tolosa dokumentalistak, euskal arrantzale hauen aztarnen bila Islandian zehar eginiko ibilbidea.

2015ean grabatu zenuten, 400 urte zirelako Islandiako erailketa haietatik. Zer da gertatu zena?  
1615ean, Islandiara hiru euskal baleontzi iritsi ziren, eta baleak ehizatzen aritu ziren udan zehar. Negu hasieran, barkuak bale gantzez goraino beterik zituztenean eta etxera bueltatzeko prest zeudenean, ekaitz batek barkuak kostaren kontra txikitu zituen. Barkurik eta kargamenturik gabe geratu ziren, janaririk ezta babeslekurik gabe, Islandiako negu hotzean. Tentsioak, lapurretak, gaizki ulertuak eta liskarrak suertatu ziren bertako biztanleekin, eta sheriff lokalak euskaldunak harrapatu eta hiltzeko agindua eman zuen. Lagun talde bat bildu, euskaldunak harrapatu eta sarraskitu egin zituzten. Ez denak ordea, 80 balezale ingurutik 32 bat erail zituzten, baina besteek negua babesean eta ezkutuan pasatzea lortu zuten, hurrengo udaran barku bat ‘lortu’ eta bertatik zein historiatik erabat desagertu ziren arte.

Jendartean ezaguna da, Islandian gertatutakoa?
Islandian ezaguna da istorioa, batez ere ipar-mendebaldeko fiordoen inguruan. Bertako historiako pasarterik odoltsuena da, eta hein batean, kontzientzia ez dute garbi. Euskal Herrian berriz, mundu akademikoaz gain, jendartean ez zen pasarte ezaguna, ez behintzat 2015ean Islandian euskaldunak hiltzea baimentzen zuen legea kendu zutela zioen berria irakurri genuen arte. Euskal jendartean ezaguna da euskal bale arrantzaleak Ternuan ibili zirela, baina ez ordea Islandian XVII. mende osoan zehar bale arrantzan aritu zirela.

Zein helbururekin egin zenuten dokumentala?
Helburua zera zen, historiako pasarte ahaztu edo ezezagun hori berreskuratzea eta zabalkundea ematea, euskaldunen artean ezaguna izan zedin eta interesa sortu zezan, istorio horri buruz gehiago jakiteko. Baita bale arrantzaren industria eta euskal itsas historia balioan jartzea. Zeren mundu zabalean zehar ezaguna da Moby Dicken istorioa, eta badirudi ingelesek eta holandarrek asmatu zutela bale arrantza; baina ez, guztietan lehenak eta industria asmatu zutenak euskaldunak izan ginen, eta ez badugu geuk kontatzen eta idazten, ez du beste inork egingo.

Eta nolakoa izan zen, dokumentala egiteko prozesua?
Prozesuak bi urte inguru eraman zizkigun. Istorioaren berri eman zigun, Islandian bizi den Ezkio-Itsasoko lagun batek. Jakinmina piztu zigun, eta informazio bila hasi ginen. Tartean, Eñaut Tolosak, gertakariari buruzko dokumental bat egin behar genuela konbentzitu gintuen. Crowdfunding kanpaina bat abiatu genuen, eta aldi berean instituzio, udaletxe eta halakoetan diru eske aritu ginen, harik eta sos batzuk bildu genituen arte. 2015eko irailean Islandian izan ginen bi astez errodatzen, eta ondorengo sei hilabeteak muntaketa prozesuan igaro genituen.

Hainbat elkarrizketa egin dituzue dokumentalean. Nori?
Bost izan dira elkarrizketatuak. Batetik, Ragnar Edvarson historialari eta arkeologoa; berak Islandiako euskal bale arrantzaleen aztarnategiak industu eta aztertu ditu. Bestetik, Magnus Rafnson historialaria eta sorginkeria museoko zuzendaria; Ragnarrekin batera euskal bale arrantzaleen aztarna arkeologikoak aztertu ditu. Hirugarrenik, Sigrun Anttonsdotir arkeologoa; generazio berriko ikerlaria, eta bera ere euskal arrantzaleen sarraskiari buruz jakinmin haundi zein pertsonala duena. Laugarren, Tapio Koivukari idazle finlandiarra; gertakari historikoari buruzko eleberri bat idatzi berri duena. Eta azkenik Xabier Agote, Albaola itsas faktoriako zuzendaria, euskal barkuetan zein euskaldunen itsas historian aditua.

Eta Islandian ere izan zineten, aztarna eta arrastoen bila. Zer aurkitu zenuten? Nolakoa izan zen bidaia hori?
Gure istorioko protagonistak ibili ziren leku eta pisten atzetik ibili ginen. Haiek arrantzan ibiltzen ziren lekuak bisitatuz, edota erailketak gertatu ziren lekuetara joanaz. Leku batzuetara iristeko ez dago arazorik, baina beste batzuetara iristeko ordea, fiordo artean ibili behar ginen, edota pistarik gabeko eremu aislatuetan txango luzeak oinez egin. Bi aste paraje hotz horietan, non sekulako haizea egiten zuen eta furgoneta batzuetan lo egin, jan eta mugitzen ibiltzen ginen. Bestalde, urpekari talde batekin joan ginen, eta ontziak ondoratu ziren lekuan, ontzien aztarnen bila aritu ginen ur azpian. Zer edo zer aurkitu genuen, pistaren bat, baina hori dokumentalean bertan ikusi beharko.

Gertatutakoa, animazio bidez ere berreraiki duzue, ezta?
Bai, gustukoa ditugu Tronu Dema seriea edota Eraztunen Jauna filma, baina baliabide urriak genituenez, ba gertakari historikoak animazio bidez kontatzea erabaki genuen. Sekula ez genuen animaziorik egin, eta nahiko interesgarria izan da guztia. Donostiako lagun batek Bartzelonan duen Bicoté izeneko estudioak egin zituen animazioak. Modu minimalista bat dute animazioek eta oso gustora geratu gara emaitzarekin.

Eta hain justu, beste hernaniar batek ere hartu du parte horretan, David Larrañagak. Animazioko pertsonaien diseinua egin du berak. Nolako pertsonaiak diseinatu behar zituen? Nolako lana izan zen?
Ba pertsonaiak animatzea azken fasea da, baina animazioak egitearen prozesuak baditu beste fase batzuk aurretik. Lehenik eta behin, pertsonaiak diseinatu behar ziren. Pertsonaia bakoitzak ze karakterizazio, zein jantzi ze presentzia zuen eta abar erabaki. Davidek pertsonaiak sinplifikatzea lortu zuen, eta ahalik eta informazio gehien edukitzea, ahalik eta trazo edo detaile gutxien erabiliz. Pertsonaiak eraikitzerakoan, ez ginen pertsonaia historikoen erretratuetan oinarritu, baizik eta haiek errepresentatzen zuten ideia edo sentsazioan. Lizentzia artistikoak hartu ditugula esan liteke, baina gure ustez ulerterrazagoak dira gure pertsonaiak.
Prozesuaren ondorengo fasea story board bat egitea zen, non gertatzen zena modu eskematiko batean marrazten zuen Eñautek. Ondoren, Davidek story boarda gure pertsonaiekin marrazten eta osatzen zuen. Eta azkenik, guzti hori mugimenduan jartzen zuten Bicoté estudiokoek. Lan luzea eta gogorra, beraz.

Biterin izango zarete egileak ere. Azalpen gehiago emango dituzue? Zer gehiago jakin nahi izaten du jendeak, dokumentala ikusi ondoren?
Dokumentalean ez dugu hainbeste sakondu garaiko kontestu historikoa eta halako gauzetan, baina askotan horrelako gauzez hitz egiteko parada eskaintzen digu proiekzio ondorengo solasaldiak. Zeren, segur aski, dokumentalak erantzunak eman baino, galderak sortzen ditu, eta galdera horiei erantzuten egongo gara Ander, Eñaut eta ni.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!