‘Hazilan’ proiektua martxan, gazte enplegua sustatzeko

Kronika - Erredakzioa 2017ko ots. 8a, 01:00

Proiektu baten berri eman nahi izan diete herritarrei, Beterri-Buruntzako sei udalek: Hazilan programa abiatu du Garapenek, Garapen Agentzien Euskal Elkarteak, proiektuko kide diren hogei garapen agen­­tziarekin batera, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Europako Gizarte Funtsarekin elkarlanean. Gazte enplegua susta­tzeko, sei milioi euroko apustua egin du Garapenek; erdia, Europako Gizarte Funtsak fi­nan­tzatua. Eta apustu horren barruan kokatzen da, Hazilan proiektua ere.
2016-2021 aldirako da pro­iektua, eta zuzenduta dago, langabezian dauden 20-35 urte bitarteko gazte kualifikatuei; unibertsitateko edo goi-mailako lanbide heziketa zikloko titulazioa dutenei, hain justu: «kolektibo horrek, prestakun­tza maila haundia badu ere, zailtasun haundiak ditu lan merkatuan sartzeko, bere lanbide profilari lotutako esperientziarik ez duelako, batetik, eta enpresek eskatutako zehar­kako konpetentzia eta gaitasunen jabe ez delako, bestetik», azaldu dute.

20-35 urteko gazte langabetuentzat da, unibertsitate edo goi mailako titulazioak dauzkatenentzat.

«Helburu nagusia laneratzea da, laguntza pertsonalizatuaren bidez»
Aurreratu dute, Hazilanen helburu nagusia laneratzea dela, «laguntza pertsonalizatuaren bidez». Horretarako, metodologia «berritzailea» proposatzen dute, ibilbide pertsonalizatu batean oinarritua, eta egokitua «partehartzaileen ezaugarri pertsonaletara eta enpresek eskatutako proiektu profesionaletara».
Aurreneko fase batean, bi­latzen dute pertsonen aktibazioa; eta ondoren, proiektuaren arabera, ikasketa espezializatuak egiten dituzte, eta baita praktikak ere, edo enpre­­sa-proiektuetan parte hartu.

Izenematea zabalik, martxoaren 15era arte
Interesa dutenek, interneten daukate ikusgai informazio guztia, www.hazilan.eus web orrian; eta baita Andoaingo Udalean ere: udaletxean bertan (Urigain etxea, La Salle etorbidea 6), 943 30 42 21 telefonoan, eta hazilan@andoain.eus helbide elek­tronikoan.
Parte hartu nahi duenak, martxoaren 15era arte dauka izena emateko epea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!