Pentsioen egungo egoerari eta etorkizunari buruz, hitzaldia emango du gaur Emilio Olabarriak, Eusko Jaurlaritzako aholkulari juridikoak, EAJk antolatuta. Biterin izango da, arratsaldeko 19:00etan.
Eta gaiari buruzko aurrerapen bat egiteko, berarekin hitz egin du Kronikak.
Pentsioei buruz ariko zara. Zein da egungo egoera?
Oso egoera zaila eta enigmatikoa, konponbide perspektiba desberdinak dituena. Espainiak dauka horren eskumena gaur egun; baina hemen Euskadin, ez luke horrela izan beharko. Berez, guk dauzkagu konpetentziak, arlo horretan.
Banaketa sistemak berdin jarraitzen duen bitartean, ez da jasangarria. Oraingo langileen kotizazioek ezin dute ordaindu, dagoeneko, pentsioa jaso behar dutenen kopurua, kolektibo babestuena. Ez da posible sistema mantentzea, eta alternatibak bilatu behar ditugu.
«Oraingo sistema, 2019rako ez da bideragarria izango. Baina etxekolanak aurretik egin behar ditugu. Eta gure kasuan, Euskadin, lortu behar dugu gure eskumenak gauzatzea. Berez, guk dauzkagu konpetentziak, arlo horretan».
Eta zein izan daitezke alternatiba posible horiek?
Aukera desberdinak daude. Adibidez, bada bat, mixtoa, Erresuma Batuan probatu zutena eta nahiko ondo funtzionatu zuena. Ez zen banaketa zuzena; pentsioen zati bat kontingentzien bidez kubritzen zen, baina bestea aurrekontutik.
Baina debate hori Euskadin burutu beharko genuke, gure eskumena delako. Espainian ez bezala, hemen bada bideragarria, pentsio sistema propio bat. Izan ere, hemen langabezia tasa hamar puntu beherago dago, eta hiru aldiz kotizatzaile gehiago dauzkagu, base maximoetan. Horrek ahalbidetuko luke, banaketa zuzen bateko sistema. Gurea bideragarria da, baina estatu guztiarena jasan behar badugu...
Oraingo sistema, 2019rako, ez da bideragarria izango. Baina etxekolanak aurretik egin behar ditugu. Eta gure kasuan, lortu behar dugu gure eskumenak gauzatzea. Espainiako sistemarekin jarraituz gero, berarekin ondoratuko gara.
Historikoki, autonomia erkidego solidarioa izan gara, eta solidario izateko prest gaude; baina ez solidaritate inposatua, negoziagarria baizik.
Eta Euskadin, sistema propio bat martxan jartzea, bideragarria izango da etorkizunera begira ere?
Beste faktore bat ere badago, demografikoa. Hemengo jaiotza tasa oso bajua da, eta aldiz, jendea gero eta gehiago bizi da. Piramidea irauli egin da, eta beraz, arazo demografiko bat daukagu hemen.
Gauzak horrela, etorkizunera begira, sistema propio bat ez da bideragarria izango, baldin eta politika natalistak gauzatzen ez baditugu, Eskandinaviako herrialdeetan egin den bezala. Baina horrek guztiak denbora eta hausnarketa sakona eskatzen ditu.