Bi proiektutan ari dira lanean, Hernaniko Lanbide Heziketako Gizarte Berrikuntzako LHII zentroko ikasleak: Hondakinen Kudeaketako EkoTxabola eta Mugikortasun Jasangarria & Bizikleta ApArtkalekuak.
Udaletxearekin elkarlanean ari dira, eta hain zuzen, bigarren proiektu horren bueltan egindako lanaren berri eman zieten ikasleek udaletxeko teknikari eta zinegotziei, orain aste eta erdi. Mugikortasun jasangarria ardatz hartuta, eskolako ziklo ezberdinetako ikasleek hartu dute parte, bizikletentzako aparkalekuak diseinatzeko lanetan.
Bizikleta aparkalekuak laster, herrian
Proiektua hasteko, Animazio Soziokulturala eta Turistikako ikasleek diagnostikoa egin zuten, ikasleen eta, orokorrean, herritarren mugikortasun ohiturak eta bizikletaren erabilpen maila aztertzeko.
Bestalde, Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko ikasleek bizikleta aparkalekuak diseinatu dituzte, eta ondoren, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek fabrikatu eta Erdi Mailako Mantentze Lan Elektromekanikako ikasleek herrian jarriko dituzte, udaletxeko mantenuko arduradunekin batera. Azkenik, Animazio Soziokulturala eta Turistikako ikasleek sentsibilizazio kanpaina egingo dute herrian.
Diseinuak udaletxean aurkeztuta, aukera egitea falta da, fabrikatzen hasteko.