Aurreko urteetako arrakasta ikusita, aurten ere ez du huts egingo, Bertso Gutiziak saioak. Otsailaren 17an izango da, Basque Culinary Centerren, Kronikak antolatuta, Insalusen laguntzarekin.
Arratsaldeko 19:00etan hasi, eta bi zati izango ditu. Aurrena, maila haundiko bertso saioa eskainiko dute, lau bertsolarik: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Unai Agirre eta Iker Zubeldia igoko dira taula gainera, BCCko aretoan. Aitor Mendiluze ariko da gai-jartzaile lanetan.
Mokadu goxoak, BCCko ikasleen eskutik
Eta bertso saio ederrari jarraipen bikaina emateko, gutiziei egingo diete bidea. Mokadu goxoak prestatuko dituzte BCCko ikasleek, zapore eta koloreekin jolastuz eta berrituz.
Gutizia bereziz osatutako afaria izango da, eta afaltzeko modua ere, ez da ohikoa izango. Hainbat gunetan jarriko dituzte jana eta edariak, eta jendeak postuz postu afalduko du, plater berriak zerbitzatzen doazen heinean; eta bide batez, solasean aritzeko ere, aukera paregabea izango dute.
Sarrerak salgai, bailarako hainbat puntutan
Bertso saioaz eta afari goxoaz gozatzeko, sarrerak salgai daude dagoeneko, 20 euroan, bailarako hainbat puntutan: Hernanin, Kronikaren bulegoan (Larramendi, 11), eta Kixkal eta Aralar tabernetan; Ereñotzun, Irrintzi tabernan; Astigarragan, Ikatza tabernan; eta Goizuetan, Amaia kafetegian.
Aurten, gainera, nobedade bat izango da. Festa bukatzean, autobusa jarriko du Kronikak, doan, Hernanira bueltatzeko. Gaueko 23:30etan aterako da BCCtik, Atsegindegira jaisteko.
Sei sarrera bikoitz, zozketan
Kronikak, gainera, sei sarrera bikoitz zozketatuko ditu. Horietako bi, Dobera-Kronikako bazkideen artean; beste bi, Facebooken albiste honi atsegin dut eman eta partekatzen dutenen artean; eta azkeneko biak, bertso lehiaketa txiki baten bitartez: gaiarekin lotutako bertso bat idatzi, eta www.kronika.eus web orrian utzi, albiste honen iruzkinetan; edo Kronikaren bulegoan entregatu.