Asteazken gauetik ostegunera bitartean, Hernaniko PSE-EEren egoitza berrian pintadak agertu direla salatu du Ricardo Crespo, alderdiko bozeramaileak; «bi diana, ‘GAL’ eta ‘errepresioari autodefentsa’ dioten hitzak agertu dira», azaldu du.
Hori horrela, udaletxean egiten diren bizikidetzaren arloko ekintzak bertan behera utziko dituztela jakinarazi du Crespok «behin behinean».
«Nazkatuta gaude»
PSE-EEko bozeramaileak azaldu du «uztailean egoitza berria ireki zenetik hirugarren aldia» dela, pintadak agertu direna. «Aurretik ez dugu ezer esan, bizikidetza lantzen ari garela, zentzurik ez daukalako, eta ez dugulako nahi jendea beldurtu. Baina nazkatuta eta nekatuta gaude».
Alkatearekin, harreman ona
Hala ere, Crespok azpimarratu nahi izan du «alkatearekin harremana ona» dela. «Jakin zuenean deitu egin zigun, zer egin zezakeen galdetzeko, eta garbiketa brigada bidali zigun».
PSE-EEk dio espero duena dela, ezker abertzaleak gertaera publikoki kritikatzea. «Zerbait sendoa behar dugu».