«Positiboak» Udalarentzat, aurrekontuen inguruan auzoz auzo egindako bilerak

Kronika - Erredakzioa 2017ko ots. 4a, 01:00

Aurrekontuen inguruan proposamenak aztertzeko, bilera partehar­tzaileak egin zituen Udalak aurreko astean. Denera, zazpi bilera egin zituzten, auzo desberdinetan horietako sei, eta kirol eta kultur talde zein elkarteei zuzendutako saio berezi bat. 
Behin bilerak pasata, balorazioa egin du Udal gobernuak, eta prentsa-ohar bitartez jakinarazi duenez, «positiboak» izan dira.

Landa-eremuan, partehartze altua
Udalak nabarmendu du, bereziki, «Astigarragako landa eremuan izandako parte-hartze altua», eta iragarri du kontuan hartuko dituela Santio­mendin eta Bentasen jasotako ideiak eta proposamenak: «Santiomendiko bizilagunek argiteria hobetzea, urak jasotzea eta bideen konponketa eskatu zuten; Bentasekoek, besteak beste, bertako lokalean obra-lanak egitea», azaldu dute.

Ergobia eta Anuska auzoek ere, hainbat proposamen
Ergobia eta Anuska auzoetako bizilagunekin batera ere, hainbat proposamen aztertu dira beste bi bileratan. Ergobiatarrekin landutako gai garrantzitsuenek bertako plazarekin daukate lotura: «gaur egun plazan egiten diren ekintzak, komertzialak eta oinezkoenak, ezin dira ondo uztartu, eta egoera honi konponbidea aurkitzen saiatuko da Udala, bizilagunekin elkarlanean». Anus­kan, aldiz, obra lanak eta irisgarritasuna aztertuko dira. 

Bizilagunen parte-hartzea erraztea, erronka
Bestalde, azaldu dute erronka bat ere jarri dutela datozen urteetarako: «Astigarragako alde zaharreko eta Arrobitxulo-Urumea Berriko bizilagunen parte-hartzea sustatzea». Partehartzea errazteko, alternatiba ezberdinak aztertuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!