Garaipenaren bidera bueltatzeko, Zarautzen

Kronika - Erredakzioa 2017ko ots. 4a, 01:00

Estropozu txiki bat izan zuen Hernanik, aurreko asteburuan, Ohorezko Erregional mailan. Mutrikuren kontra berdindu zuen (0-0), eta ihes egin dio Anaitasunak, berriro, lidertzan berdinduta egon ondoren.
Eta aurreneko postu horren bila jarraitzeko, garaipenaren bidera bueltatu nahi dute txuri-berdeek. Horretara joango dira Zarautzera gaur: Asti zelaian jokatuko dute, 15:45etan hasita, Zarautzen kontra.
Bigarren dago Hernani sailkapenean, Anaitasuna bi puntu aurretik daukala; baina tarte berdina mantentzen du hirugarrenarekin, lau puntura baitauka Mondragon. Gaurko kon­trarioa, berriz, 10garrena da, eta aurreko asteburuan, azkeneko sailkatuaren zelaian berdindu zuen, Martutenen (3-3).
Garbi daukate hernaniarrek, beraz, zertara doazen eta nola jokatu behar duten: orain arte bezalaxe, emaitza bikainak eman dizkie eta, denboraldi honetan.

Euskal Ligan, atsedena
Asteburu honetan atseden hartuko du, aldiz, Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak. Dato­rren asteburuan jokatuko dute 20garren jardunaldia, eta liderraren zelaian ariko dira txuri-berdeak, Oiartzunen. Partidu zaila, beraz, beheko postuetatik ihes egiteko, Berriotxoaren kontra galdu ondoren. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!