«Benetako garrantzia duena da herritarren parte hartzea eta ahalduntzea; horrek ez dauka mugarik»

Kronika - Erredakzioa 2017ko ots. 4a, 01:00

Hernani eta Astigarragak badaukate martxoaren 19ko herri galdeketarako galdera. Zein izan da galdera zehazteko prozesua?
Herri galdeketa osorik anto­latzeko prozesuaren barne ko­ka­tu behar da galderaren era­keta. Lehenik, joan den mar­txo­aren 12an Bagagiltza plata­forma eratu zen, herri-batzar irekia deitu ondoren. Galde­keta antolatzeko zein taldetan parte hartu nahi zuen adie­razteko aukera izan zuen egun hartan bildu zen jendeak. Or­duan erein ziren lanerako tal­deen aurreneko haziak: harre­manak, diru-zaintza, antola­keta, komunikazioa, koordina­zioa eta galdera.
Galderari dagokionez, au­rre­neko lana taldea bera era­tzea izan zen, eta batzar har­tan izena eman zuten guztiei deia egin genien, banan-ba­nan. Horrez gain, beste hain­bat jende ere zuzenean gonbi­datu genuen parte hartzera; mar­txoaren 12az geroztik egin­dako herri batzarretan galde­raren taldea sortzeko gaiaz ere hitz egin zen; eta, azkenik, azaroa­ren 23an batzar berezia deitu genuen, taldearen era­keta jo­rratzeko. Hedapen ho­rrek guz­tiak helburu izan du talde ugari samarra lortzea kualitatiboki eta kuantitatiboki.

Nork eta nola osatu duzue galdera taldea?
Taldearen muina osatu duten kideek antolaketarako hainbat bilera egin dituzte, joan den uztailean hasita. Galdera bera lantzeko, ordea, aparteko 3 orduko 3 saio aurreikusi ziren (azkenean, 4 izan badira ere). Metodologiaren ezaugarriak eta taldeko kideen bestelako konpromisoek saioen artean aste batzuetako tartea uztea eskatzen zuen. Hala, aza­roaren 30ean egin genuen au­rreneko saioa, eta, azkena, urtarrilaren 18an. Lehenengo saioan, 17 lagun elkartu ginen, eta esan behar da taldeko kide bakoitzak bere izenean hartu duela parte, hau da, ez dugula inolako talderik, elkarterik, alderdi politikorik... ordezkatu.

Zertan oinarritu zarete, edo zein irizpide jarraitu dituzue galdera formulatzeko?
Bi pertsonek metodologikoki zuzendu dituzte saio horiek, dinamikak antolatuz eta talde­kideen arteko elkarrizketak ego­ki bideratzeko gidaritza la­nak eginez. Gaiak talde txiki­tan aztertu ondoren, denon artean hitz egiten genituen.
Aurreneko saioaren eta bi­ga­rrenaren hasieran, gaiaren inguruko terminologia landu ge­nuen. Gero, bigarrenean, gal­­dera sortzeko irizpideak au­ke­ratu eta ematen genien ga­rrantzia edo lehentasunaren ara­bera antolatu genituen; eta Kataluniako, Eskoziako eta Euskal Herriko hainbat kon­tsul­tetan erabilitako galderak az­tertu genituen, irizpide hori­ek zein neurritan bete zituzten ikusteko. Taldean adostutako irizpideak hurrenez hurren ar­gitasuna, zehaztasuna, ulerga­rri­tasuna, lurraldetasuna defi­nitua izatea, erakargarritasu­na, ikuspegi soziala barne­ratzea eta zabaltasuna izan ziren.  
Hirugarren saioan, Astiga­rra­gako eta Hernaniko galde­rek zein osagarri izan behar zi­tuzten adosten hasi ginen. Aurreneko bi elementuak aho batez onartu genituen, baina beste biei buruz hitz egiteko denbora gehiago behar genu­ela ikusi genuen, eta, galdera­ren formulazio osoarekin ba­tera, lan hori laugarren saio­rako uztea erabaki genuen. Azkenik, galdera akordio bidez itxi zen.

«Norberak ondo­rioz­­tatu beharko du parte ez hartzeak zeri eta nori egiten dion mesede»

Urruti zegoela ematen zuen, baina iristen ari da galdeketa eguna. Prozesuaren zein balorazio egiten duzue? Herritarren artean ilusioa piztu dela iruditzen zaizue?
Galdeketa antolatzeko pro­ze­sua emankorra izaten ari da, za­lantzarik gabe. Askotan aipatu dugun moduan, eran­tzun ona jasotzen ari dira Gure Esku Dagok antolatu izan dituen ekimenak, giza katea­rekin hasi eta udaberrian Her­na­nin egindako herri antzerki­raino. Horrez gain, galdeketa antolatzen ari den Bagagiltza plataformaren batzarrek ha­rre­ra ona izaten dute, lan taldeetan jende pila bat ari da modu iraunkorrean lanean, eta ekintza zehatzetarako la­gun gehiago apuntatzen dira. Hori guztia oso positiboa da, eta bukatu berri dugun sina­dura kanpainari edota ar­gaz­kie­tarako deialdiei jende uga­rik eman dio babesa, hortaz, jendeari ilusioa sortzen diola ondorioztatzeko moduan ga­rela uste dugu. Hala ere, oro har, balorazio oso ona egiten badugu ere, ez dugu auto­kon­plazentzian erori behar, izan ere, gehiago beti lor daiteke, prozesu honetan benetako garrantzia duena herritarren parte-hartzea eta ahalduntzea da, eta helburu horrek ez du mugarik.

Egun seinalatuaren ondoren, galderari baiezkoa edo ezezkoa erantzuteak, zer eragin izan dezake herritarren etorkizunean?
Esan bezala, prozesuaren eta galdeketaren alderdirik ga­rran­tzitsuena herritarren par­te-hartzea eta ahalduntzea dira. Euskal Herriko herrita­rrek etorkizunari buruz eraba­kitzeko eskubidea dute, eta gai horren inguruko ekimena eta ardura ezin da soilik poli­ti­karien esku utzi. Guk, herrita­rrok konturatu eta sinetsi behar dugu etorkizunerako zer nahi dugun adieraztea guri dagokigula, besteak beste, guk eraikitzen dugulako herri hau, eta etorkizuna dugulako jo­ko­an. Herritarren gogoeta eta aktibazioa eragiteko epe luze­agorako tresnak dira Gure Esku Dagok hasitako ibilbidea eta herri galdeketen inguruko lana. Hori ez da hilabete haue­tan bakarrik lortuko eta ez da galdera bakar batekin joka­tzen; ez da Hernanin edota Asti­garragan egiten ari ga­re­narekin hasten edo bukatzen. Hilabete hauek, galdera eta martxoaren 19ko mugarria garrantzitsuak dira zalan­tza­rik gabe, baina garrantzi haun­diena duena parte-har­tzea da; eta, horrekin batera, pro­zesuari buruzko ikuspegia zabaldu eta begirada etorkizu­nean jartzea, hain zuzen buruz buru eta herriz herri egin behar den lan horretan. Gogoe­tarako eta ahalduntzeko epeak irekita jarraituko du martxoa­ren 19aren ondoren.

Prozesuarekin oso konbentzituta ez dauden herritarrak nola animatuko zenituzkete, galdeketan parte hartzera?
Erabakitzeko eskubideaz ari gara, eta adierazteaz. Gizarte-sis­tema honetan, ahaztu egi­ten zaigu askotan bata zein bestea norbanakoen eta he­rrien oinarrizko eskubideak dire­la. Tentazioa izan daiteke ezertarako ez duela balioko pentsa­tzea. Norberak ondo­rioz­­tatu beharko du parte ez hartzeak zeri eta nori egiten dion mesede. Eskubideak era­bileraren poderioz indartzen dira, agian ez guk nahiko genukeen abiaduran, baina segurua den gauza bakarra da ez erabiltzeak ez digula onu­rarik ekarriko. Pertsona eta gizarte marmartiak izan gai­tezke nahi adina denboraz, baina horrek berez badirudi ez duela ezer eragiten. Esku­bi­deak erabiltzea norberaren mesederako da, eta, gai honi dagokionez, herriaren onura­rako ere bai; bi kasuetan gainera: planteatzen den gal­derari baiezko edo ezezko eran­tzuna emanda ere.

«Jendeari ilusioa sortzen diola ondorioztatzeko moduan ga­rela uste dugu»

Nola imajinatzen duzue galdeketa eguna Hernanin eta Astigarragan? Eta biharamuna?
Egun hori ilusioaren bultza­darekin dator, nerbioren ba­tzuk ere izango ditugula pen­tsa daiteke, eta imajinatzea li­bre denez, jendetsua, oso jen­detsua imajinatzen dugu; eta, emaitzak emaitza, ziurtasun osoz esan dezakegu bihara­muna irribarre handi batekin etorriko dela, izan ere, beste urrats bat gehiago aurrerantz emana izango dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!