Grekeraz umetokia esan nahi omen du Hysteron hitzak. Hala azaldu dio lehenago Nagore Legarreta argazkilariak Kronikari; «oso egokia iruditu zitzaidan izen hori, jasotzeko proiektu honen atzean dauden ideiak, emakumeen harremanei buruzkoak».
Izen hori daraman lanarekin, hain zuzen, erakusketa jarri du Biterin. Gaur egingo da inaugurazio festa, arratsaldeko 19:00etan.
Kamera estenopeikoak; «teknika primitiboa»
Gaurtik aurrera Biterin ikusi ahal izango den Hysteron erakusketako argazkiek badaukate beste berezitasun bat; kamera estenopeikoekin eginak direla, alegia.
Legarretak berak egindako kamerak erabili ditu argazkiak egiteko, kamera estenopeikoak. Itxi daitekeen edozein ontzik balio du; zuloa egin, ilunpetan egonda material fotosensiblea potearen barruan sartu, eta argitara joan, argazkiak egiteko. «Teknika primitiboa» dela dio Legarretak; «argazkilaritzaren hasiera».
Bukatzeko, emanaldia
Otsailaren 16ra arte Biterin ikusi ahal izango da Legarretaren argazki erakusketa.
Egun horretan, Biteriko kultur programazioaren barruan sortu den Nahastekak atalean, erakusketari lotutako emanaldi berezia izango da, bukatzeko. Danele Sarriugartek eta Gorka Setienek testuak errezitatuko dituzte; Txaro Unzillak dantza egin; eta Mariano Hurtadok, Aida Torresek eta Beñat Iturriozek, musika jarri.