Udara hasieran, Vienan egingo da Europako DJ Txapelketako finala, New Yorker-ek antolatu eta Mixcloud-ek patrozinatzen duena, eta bertan izango da Julen Fernandez hernaniarra; Mr Zeus DJa.
Parisen izan berri da asteburuan, Europako final horretarako txartela lortzeko egiten ari diren sei finalerdietako batean, eta bertan irabazita lortu du finalerako pasea.
Saria, ezustean
Fernandezek berak azaldu du, duela hilabete baino gehixeago hasi zuela abentura: «Mixcloud-en sesio batean hartu nuen parte, New Yorker-ek Europa osorako txapelketa antolatu zuela ikusi nuelako, eta abendua bukatu baino lehen entregatu behar nuen saio hori. Eta hara! Asteazkenean jakinarazi zidaten asteburu horretan Parisen egingo zen finalerako aukeratu nindutela!».
Ia ezertarako denborarik gabe, Parisera joan eta lanean hasi zen. Espainia, Frantzia, Portugal eta Luxenburgoko partehartzaileak, zuzenean Clubera joan ziren, «beste ezer bisitatzeko denborarik gabe». Baina giroa ezinhobea izan zela azpimarratzen du Fernandezek: «bueltan ekarri dudanetan onenetakoa izan da, DJ on eta pertsona hobeak direnen laguntasuna. Gure arteko lehia sanoa izan zen, eta elkarri aholkuak eman eta lagundu egin genion».
Finalerako txartela, bakarra
Lau partehartzaile horietatik, ordea, bakarrak lortu zezakeen finalerako txartela, eta Fernandez izan da garaile. Horri esker sailkatu da, udara hasieran Vienan egingo den Europako finalerako. Ordura arte, beste lau finalerdi jokatuko dira; guztira, sei.
«Pintxatzeko txanda iritsi zitzaidanean, ez zen erraza izan, sekula lehenago ezagututako kluben antzik ez zuelako hark, hiri haundi eta ezezagun batean nengoelako, eta pintxatzeko erabili behar nuen ekipoa kenduta, guztia berria zelako niretzat». Ederki moldatu zen, ordea. Hala erabaki zuen behintzat epaimahaiak; eta ez zen nolanahikoa! Tartean zeuden Danny Avila, estatu mailan DJ famatua, edota Ben, DJ Mag aldizkari ezaguneko ordezkaria. Finalean ere, lan ona egitea du orain, buruan.