Martxoaren 19an egingo da Astigarragako eta Hernaniko Herri Galdeketa, eta dagoeneko hasi dira hainbat gai zehazten. Larunbatean erabaki zuten, hain zuzen, oinarrizkoena, zein izango den galdera. Gaia landu duen lantaldeak aurkeztu zuen proposamena, eta Hernaniko Biteri kultur etxean egindako batzar irekian berretsi zuten. «Nahi al duzu Euskal Herria errepublika burujabea eta independentea izatea?»; hori da, beraz, herritarrek erantzun beharko dutena.
Zazpi irizpideri jarraituta sortu da galdera: argitasuna, zehaztasuna, ulergarria izatea, lurraldetasuna argi adieraztea, erakargarritasuna, osagai sozial bat sartzea eta zabaltasuna.
«Demokraziaren festa»
Galdera zehaztearekin batera, BagaGiltza herri plataforma hasi da martxoaren 19ko «demokraziaren festa» antolatzen; bertan, astigartar eta hernaniarrek erabakitzeko aukera izateaz gain, hainbat kultur eta kirol ekitaldi ere izango direla iragarri du herri plataformak.