Urteko aurreneko Plenoa egin zen udaletxean, pasa den asteartean. Zati haundi bat, kreditu aldaketa batzuen inguruko berri emateek hartu zuten. Bestalde, Mugi txartelaren 2017ko tarifak berretsi eta Kaleratzeak Stop taldearen mozioa onartu ziren.
Udaleko finantzen iraunkortasuna, bermatua
Isa Sanchez Ogasun zinegotziak hainbat kreditu aldaketen berri eman zuen; besteak beste, azaldu zuen «kreditu globala, koltxoi modukoa, murriztu dela, beste partida batzuk kubritzeko. 185.000 euro zeuden, eta oraindik 75.000 euro geratzen dira».
Era berean, Kontuhartzailearen txostenean bildutako ondorioaren berri eman zuen: «aldaketa horiek ez dute baldintzatzen Udaleko finantzen iraunkortasuna». Kontuahartzailearen beste ohar batzuk azaltzeko, Luis Intxauspek hartu zuen hitza. Adierazi zuen martxan daudela Plaza Berriko komunetarako eta bestelako eraikinetarako garbiketa kontratuak. Honi, Andoni Amonarraiz EAJko bozeramaileak gehitu zion, eskatu izan dutela jarraipena egiteko garbiketa langileei, «dauden egoeran daudelako».
Deskontuak, Mugi txartel pertsonalizatuan
Ondoren, Mugi txartelaren 2017ko tarifa berriak onartu ziren, aho batez. Koro Etxeberria zinegotziak azaldu zuen, «txartel pertsonalizatuak fidelizatze aldera, anonimoei aplikatuko zaien deskontua txikiagoa» izango dela.
Aho batez onartu ziren, baita ere, ordenantza fiskalei bu-ruzko aktako akatsa zuzentzea, Karabeleko Plan Bereziaren aldaketa behin betiko onartzea, eta aurreko urteetako dirulaguntzen plan estrategikoak egiteko modua zuzentzeko Auzitegi Nagusiaren errekurtsoa.
Zoru-klausulei buruz, KIUBen
Azkenik, Kaleratzeak Stop taldearen mozioa onartu zen aho batez. Bertan eskatzen da, herritarren eskura jartzea zoru-klausulen inguruan informazioa eta laguntza emateko bulegoa, eta taldeko kideek azpimarratu zuten, garrantzitsua dela «norberak bankuari erreklamatu behar dion kantitate zehatza kalkulatzeko aukera izatea». Dagoeneko egin daiteke, Sandiusterri 1ean dagoen Kontsumitzailearen Informaziorako Bulegoan (KIUB), eta 943 557 854 telefonoan.