Zorione Etxezarraga da atzotik Astigarragako alkate berria, hala erabaki baitzuen Udaleko plenoko gehiengoak. EAJren zerrendetan bigarren joateagatik izan zen alkategai, eta bere aldeko botoa eman zuten, hain zuzen, EAJ udal taldearen 7 zinegotziek, tartean berak, eta PSE-EEko Mikel Duránek. EH Bilduko 6 zinegotziek, aldiz, Andoni Gartziaren alde egin zuten. Horrela, beraz, lortu zuen beharreko gehiengoa Etxezarragak.
«Ohore bat»
Karguaren zina egin ondoren aurreneko hitzak egin zituen Alkate berriak. Nabarmendu zuen beretzat zinegotzi den heinean, «ohore bat» dela alkate izatea, eta hitza eman zuen «herriaren eta astigartarren alde» lanean jarraituko duela «ahalik eta hoberen».
Horrez gain, eskerrak ere eman zituen, besteak beste, PSE-EEko Mikel Duráni, bere lantaldeari, eta baita «bertara etorri diren lagun, alderdikide eta familiari beraien babesagatik». Udaleko langileak ere, izan zituen gogoan.
Argazki historikoa
EH Bilduko Andoni Gartziak nabarmendu zuen: «argazki historikoa daukagu Udalean, lehenengo aldiz emakume gehiago dago, gizonezkoak baino». Horrez gain, adierazi zuenez, «aurpegien aldaketak ez du ezer aldatuko». PSE-EEk Etxezarragari eskatu zion: «lana, lidergoa, erantzukizuna, eta hitz egiteko ahalmena». «Gure eskua luzatuta duzu, baina ez da txeke txuri bat izango», jakinarazi zion Duránek.
Urkiri Salaberria, zinegotzi berria
Jesus Mari Santosen dimisioak zinegotzi aldaketak ere ekarri ditu Udalera. Horregatik, EAJren udal taldeak beste zinegotzi bat hautatu beharra zeukan. Urkiri Salaberria proposatu zuen Batzarrak, eta atzo bertan egin zuen zinegotzi karguaren zina, Plenoaren aurrean.