AStigarragako EH Bildu Udal taldeak, DBHren aldeko batzordea deitzeko eskaera egin dio Udalari, «azken bi urtetan ez baita aurrerapenik egin EAJrentzat estrategikoa izan arren», Andoni Gartzia zinegotziaren esanetan.
Duela sei hilabete eta erdi plenoak aho batez batzordea eratzea erabaki zuen Guraso Elkarteak hala eskatuta. Andoni Gartziaren ustez pausoak eman behar dira denen artean bere horretan geldituta baitago proiektua.
«Aurreko legealdian, Plan Orokorraren aldaketa puntualarekin, etorkizuneko DBHren kokapen bideragarria zehaztu zen. Behin hori eginda, lurrak eskuratu, hiritartu eta Astigarragako DBHren beharrezkotasunaz Hezkuntza Saila konbentzitzea dagokigu guztioi».
EH Bilduko zinegotzien esanetan EAJren aldetik patxada nabaria da. «2015eko azaroaren 26an EH Bilduk Astigarragako aholkulari juridikoari lurrak eskuratzeko prozedura zehaztu zezan eskatu zion. Lau hilabete ondoren, Udalak batzordean aurkeztu zuen txostena eta lurren balorazioa egiteko txosten berri bat eskatzea erabaki zen. Gaur da eguna, hamar hilabete ondoren, balorazio txostena oraindik ere Udalera iritsi ez dena».
Geroago, 2016ko uztailaren 16an Guraso Elkarteak aurkeztutako mozioa onartu zen aho batez Udaleko plenoan. Mozioaren asmoa Udale-ko talde politiko guztien konpromiso zintzoa lortzea zen. Besteak beste, mozioaren onarpenarekin, DBHren aldeko Batzorde Informatzailea eratzea erabaki zelarik. Sei hilabete eta erdi ondoren, batzordearen deialdi berririk ez da egin.
EH Bilduk batzordean bere ordezkariak zein izango diren zehaztu ditu (Iker Goñi eta Andoni Gartzia zinegotziak). Bi zinegotziek azaldu dutenez «Batzordea deitzeko eskatzearekin batera, batzorde deialdi guztiak Guraso Elkarteari eta Astigarragako Herri Eskolako Zuzendaritza Taldeari ere egitea eskatu dugu. DBH lortzeko bidean, eragile sozial eta herritarren bultzada ezinbestekoa izango delako, hauek une oro lehenengo protagonistak izan behar dute».
Eusko Jaurlaitzaren Hezkuntza Sailari DBH Institutua kokatuko litzatekeen eremua hiritartua emateko muga 2019 urtea da
«Konpromisoa bete»
Bestalde, uztaileko mozioan ere 2019 urtea epe bezala ipini zen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari DBH Institutua kokatuko litzatekeen partzela hiritartua emateko. «Berandu goaz eta ez badugu aurrera eramaten, Udaleko talde guztien errespontsabilitatea izango litzateke eta herriari huts egingo genioke» dio Andoni Gartziak.
Denbora aurrera doa eta EH Bilduk kezkati dago konpromisoa betetzeko Udalaren gaitasunarekin. «Egunak pasatzen dijoazela ikusita eta aurrerapausorik ez dagoela konturatuta, EAJren konpromisoa zalantzan jartzen dugu. Horregatik, berehala lanean hasteko deia egiten diogu eta DBH berandu baino lehen errealitate izan dadin, EH Bilduren babes eta laguntza osoa eskura duela berriz ere jakinarazi».