Astigarragako alkate berria zara, Zorione. Zer suposatu du zuretzat, kargua hartzeak?
Zorione Etxezarraga: Hasteko, ezustekoa izan da. Ez nuen aurreikusten erantzukin hori nire gain hartzea; are gehiago, hartuta neuzkan erabaki batzuk atzera bota behar izan ditut, espero ez genuen egoera hau etorri zaigulako. Baina horri aurre eginda, ohorea da, bizi zaren herriaren ardura hartzea. Hirugarren aldia da zinegotzi naizela, eta Udalaren alde guztiak ezagutu ditut: Gobernua eta oposizioa, erantzukizuna eta kontrola. Beraz, lana ezagutzen dut. Erronka polita da niretzat. Oso polita da herriaren alde lan egitea. Gero, politika itsusia da, zikinduta dago, desprestigiatua; baina oso polita eta gratifikantea da.
Eta noski, PSE-EEko Mikel Duranen babesari esker izan dugu gobernatzeko aukera, eta eskerrak eman behar dizkiogu.
Zer aldaketa ekarriko dizu alkatetzak, zure jardunean? Batzar Nagusietako kide ere bazara...
Z.E.: Eta izaten jarraitzeko eskatu didate; beraz, bi karguak uztartuko ditut, Batzar Nagusietako zeregina eta alkate karguaren erantzukizuna. Ezagutu dut zein diren alkate batek egin behar dituen lanak, Jesus Mari Santos bajan egon den garaietan. Eta orain aldatuko dena da, lehen banuela nori begiratu, ardura zeukanari; eta orain ez, orain taldeari begiratuko diot. Baina talde bikaina daukat, eta konfiantza osoa daukagu guztion lanarekin.
Eta zuretzat, Urkiri, zer suposatzen du zinegotzi izateak?
Urkiri Salaberria: Ardura haundia. Orain arte gizarte zibila izan naiz, eta hau pausoa ematea da, ikuspegia aldatzea. Beraz, ardura ematen dit, baina ilusioa pizten dit, baita ere. Talde honek gauza bikainak egin ditu dagoeneko, eta erraza izango da, zentzu horretan, lanean hastea. Zorionek deitu zidan espreski, eta ezin izan nion ezetz esan. Niri betebehar bat iruditzen zait zinegotzi izatea; kargu politiko bat, gizarteari zor diogun lan bat da.
Zein sailetan arituko zara?
U.S.: Euskera eta hizkuntza, gazteria eta turismoa izango dira nire arloak.
Eta nola ikusten duzu zure burua?
U.S.: Beti aritu naiz gizarte zibilean, profesional bezala, eskarmentua hartzen. Arlo horiek ezagutzen ditut, eta nire betebeharra iruditzen zait, orain hori taldean zabaltzea, daukadan benetako eskarmentuaren ezagutza.
Z.E.: Oso pertsona jantzia da, ez bakarrik ikasketa aldetik; eta oso langilea. Eta gainera, eraginkorra da. Esate baterako, bera izan zen Astigarragan ilarraren eguna martxan jartzeko lanean aritu zirenetako bat. Alegia, badaki ideia bat martxan jartzen. Eta hori, gaur egun, ikaragarrizko aktiboa da.
Santos bajan egon denean, asko nabaritu da bere hutsunea?
Z.E.: Beti nabaritzen da. Hasteko, lau zinegotzi gaudelako liberazio partzialarekin, beste biak ez. Eta beraz, lautik bat ez egoteak, eta bereziki ardura haundiena duenak, hutsune haundia sortzen du. Izan ere, herritarrek berarekin egon eta hitz egin nahi dute, bera da haien erreferentzia ia bakarra. Beraz, taldea uzten du erreferentziarik gabe; eta oposizioaren aurrean ere, ahuldu egiten da taldea. Nahiz eta taldeak bere lanak bete, erreferentzia hori galdu egiten da, eta noski baietz, nabaritzen da.
Eta horrek moteldu egin du, Gobernu Taldearen lana?
Z.E.: Taldearen ikuspegitik ez, ez da moteldu. Antolatu egin gara, eta lanak bideratu egin ditugu, teknikariekin batera. Lanean baino, erreferentzia galtze horretan nabaritu da.
Alkate aldaketa, zertan nabarituko da?
Z.E.: Nik uste dut, nabarituko dela izaera desberdineko pertsonak garela, Jesus Mari eta ni. Bera oso gertukoa da, tratuan ohituta dago. Kaleko harremanean aurkitzen du bere lana azaldu eta indartzeko bidea. Eta nirekin, uste dut nabarituko dela aldaketa, hasteko, emakumea naizelako. Eta espero dut, emakumeentzako erreferentzia bat izatea. Baina edozein kasutan, izaera desberdina izanda ere, helburua berdina izango da, herritarrekin egotea.
Alkatea aldatzeak, lan egiteko modua ere aldatuko du?
Z.E.: Arlo batzuk antolatu beharko ditugu, baina dinamika hartuta daukagu, eta horrekin jarraituko dugu. Guk elkarlanean egiten ditugu gauzak, ardurak banatuta, baina elkarri lagunduz.
Nola ikusten duzue Gobernu Taldea?
Z.E.: Guretzako ez da egoera erraza izan, oso gogorra izan da denontzat, eta pena haundia hartu dugu. Ez genuen aurreikusten horrelako aldaketa bat. Baina oso baikorra naiz, indartsu gaudelako. Pilak kargatuta dauzkagu, gure konpromisoak betetzeko.
Hauteskundeetan aurkeztu genuen programatik, arlo guztiak bete ditugu, ia bete ditugu edo martxan daude, legegintzaldian bi urte ere ez direnean pasa. Beraz, herriarekiko gure zerbitzua da oso errealista, ez dugu engainatzen. Garena erakusten dugu, eta hori, batez ere, erakutsi genuen kontsulta egiteko hitza eman eta bete genuenean.
U.S.: Gure alderdian, leloa da hitza hitz, esandakoa bete behar da, hori funtsezkoa da. Eta abegitasuna, inor ez baztertzea, alegia.
Eta zer daukazue egiteko oraindik? Zein izango dira lehentasunak?
Z.E.: %100ean betetzea gure programa. Eta horretarako, falta zaizkigu, adibidez, kiroldegiko pare bat lan, edota tokiko kirol plangintza bat martxan jartzea. DBHrena ere bada orain daukagun erronka, eta Haurreskola; guretzat, hezkuntza estrategikoa baita. Eta beste hainbat lan dauzkagu: hondakinen bilketa sistemaren aldaketa barneratzea, gizarte zerbitzuetan hainbat gauza, irisgarritasuna...
Eta badaukagu beste lan bat, gure programan ez zegoena, baina gure buruari jarri dioguna etxekolan bezala: aldiriko tren geltokia. ADIFekin eta Jaurlaritzarekin ari gara elkarlanean, ahalegin guztiak egiten; ez bakarrik egin dadin, baizik eta irisgarritasun aldetik, herriarekin ahalik eta ondoen txertatu dadin. Dagoen proposamena da Bidebitarte poligonoan jartzea, baina guk nahi dugu Urumea Berri auzora bideratu.
Baina horrez gain, plan orokorra aipatuko nuke. Esan genuen plan orokorra garatzen eta lantzen jarraituko genuela, eta orain horren emaitza ikusten ari gara. Hasierako gaizki ikusi hori gainditu, eta arrakasta izaten ari da.