«Alkate kargua orain arte itzalean gobernatzen aritu den pertsonak eskuratu du»

Kronika - Erredakzioa 2017ko ots. 4a, 01:00

Jesus Mari Santos alkateak dimisioa aurkeztu ondoren, as­te­artean egin zen Astigarra­gako alkate berria aukeratzeko ezohiko Plenoa. Bertan erabaki zuten, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin, Zorione Etxeza­rra­gak hartzea aginte-makila. EH Bilduk, aldiz, Andoni Gar­tzia­ren alde egin zuen. 
Alkate berriaren aukeraketaren harira, hausnarketa egin  du alderdi abertzaleak pren­tsa-ohar bitartez. 

«Hitzarmen atzerakoiaren bigarren kapitulua»
EH Bilduren ustez, «plenoa inolako sorpresarik gabe gauzatu zen: EAJk alkatetzari eutsi zion, PSE-EEren ezinbesteko botoarekin». Beraien ustez, «Astigarra­gatik kanpo eta Astigarragaren interesak eta beharrak kontuan izan gabe, EAJ eta PSE-EEko elite politikoek duten hitzarmen atzerakoiaren bigarren kapitulua izan zen plenokoa». 
Eta horrela, «udal hauteskundeetan alderdi bozkatuena izan zen EH Bildu baztertu zen, herritarrek egindako hautua desitxuratuz». Diotenez, «argi geratu da EAJk, PSE-EEren mo­rroi lanetan jarraituko duela. Herria ezagutzen ez duen zinegotziaren menpekotasunean oinarrituko da EAJren jarduna, eta ondorioz, Udalaren egitasmoa». Beraz, argi diote: «he­men galtzaile bakarrak, EAJ eta PSE-EEri esker, berriz ere, herritarrak dira». 

«Zaharrak berri»
Alkate berria egon arren, ez da ezer aldatuko EH Bilduren ustez: «Udalak norabide okerrean jarraituko du, eta ibilbidea ez da aldatuko, beraz, zaharrak berri». Gainera, diotenez, «alkate kargua orain arte itzalean gobernatzen aritu den pertsonak eskuratu du; herritarrek bozkatu ez zuten alkategaiak hartu zuen aginte makila, Astigarragako Udalean aspaldiko ezaguna den Zorione Etxezarragak». 
Horregatik guztiagatik izendapen berria «kezkarekin» hartu du EH Bilduk. Hori arrazoitzeko, hainbat adibide jarri ditu: «herriko eskolak bizi izan zuen momentu latzenetako arduradun nagusietakoa izan zen: ikasleak hainbat urtez barrakoietan ikasi behar izan zuten garaikoa. Gainera, askotan onartu du bere apustua eskola pribatua dela.  Hezkun­tza publikoari egindako azken erasoa duela gutxi ikusi dugu, haurreskola berria Urumea Berrira pasatzeko aurkari na­gusia izan baita. Bestetik, Kultur Etxearen proiektua herritarrekin eztabaidatu eta konpartitzeko beharrik ez dagoela aitortu eta Eternal Running proba xahutzailea ekartzea proposatu zuena ere bada. Azkenik, 2007-2011 urtean, EAJ eta H1!eko legealdian, Udal gobernuaren gehiegikeriak babesten ez zituelako udal arkitektoari zigor espedientea irekitzea eskatu zuen alkatea dugu. EH Bilduk alkatetza eskuratzean, langilearen aurkako espedientea bertan behera utzi zuen». 

Lanean, oposiziotik
Horren aurrean EH Bilduk lanean jarraituko duela dio: «Astigarraga eta astigartarren onura lortzeko lanean jarraituko dugu oposiziotik, herritik eta ahal dugun esparru guztietatik». Eta saiatuko dira, «es­trategikoak diren gaiak taxuz eta partehartzearekin burutu daitezen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!