Beterri Buruntza eskualdeko sei udalek, ostiralean formalizatu zuten kooperazio hitzarmena. Andoaingo udaletxean ziren, Zorione Etxezarraga Astigarragako alkateordea, Luis Intxauspe Hernaniko alkatea, Mikel Pagola Urnietako alkatea, Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkatea, Xabier Arregi Usurbilgo alkatea, eta Ana Carrere Andoaingo alkatea.
Karrerek berak aurkeztu zuen hitzarmena, eta nabarmendu zuen, «oso pauso garrantzitsua» dela eskualdearentzat: «gurea da, eskualdeko egiturarik ez duen bakarra, arlo sozio-ekonomikoarekin lotutako programak eta zerbitzuak kudeatzeko. Eta hitzarmen honen helburua da, hutsune hori betetzea.
Arlo horretako politikak eta jardunak, modu koordina-tuan eskainiko zaizkie herritarrei. Eta pauso honek, gainera, erraztuko du bidea, etorkizunean garapen agentzia edo eskualdeko izaera duen erakunde bat eratzeko». Eta nabarmendu dute, udal bakoitzak dituen baliabideak hobeto aprobetxatu, eta zerbitzu hobea eskainiko dutela.
Programa eta zerbitzuak antolatzeko, Batzorde Kude-atzaile bat sortuko dute, hamabi kide izango dituena: udal bakoitzeko, bi kide. Eta finantziazioa ere, udalen ekarpenekin egingo da; 2017an, 1.290.976 euro.
Lau urterako da hitzarmena, baina udalek eskualdeko garapen agentzia edo antzekorik sortuz gero, hitzarmena bertan behera geratuko da; eta erakunde horrek hartuko ditu, programa, proiektu eta zerbitzuak.