Udalez udal onartu ondoren, atzo formalizatu zuten kooperazio hitzarmena, Beterri Buruntza eskualdeko sei udalek. Andoaingo udaletxean elkartu ziren hitzarmena sinatzeko. Bertan ziren, Zorione Etxezarraga Astigarragako alkateordea, Luis Intxauspe Hernaniko alkatea, Mikel Pagola Urnietako alkatea, Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkatea, Xabier Arregi Usurbilgo alkatea, eta Ana Carrere Andoaingo alkatea.
Karrerek berak aurkeztu zuen hitzarmena, eta nabarmendu zuen, «oso pauso garrantzitsua» dela eskualdearentzat: «gurea da, eskualdeko egiturarik ez duen bakarra, arlo sozio-ekonomikoarekin lotutako programak eta zerbitzuak kudeatzeko. Eta hitzarmen honen helburua da, hutsune hori betetzea. Horrela, arlo horretako politikak eta jardunak, modu koordinatuan eskainiko zaizkie eskualdeko herritarrei. Eta pauso honek, gainera, erraztuko du bidea, etorkizunean garapen agentzia edo eskualdeko izaera duen erakunde bat eratzeko».
Eta nabarmendu dute, udal bakoitzak dituen baliabideak hobeto aprobetxatu, eta zerbitzu hobea eskainiko dutela.
Batzorde Kudeatzailean, udal bakoitzeko bi kide
Programa eta zerbitzuak antolatzeko, Batzorde Kudeatzaile bat sortuko dute, hamabi kide izango dituena: udal bakoitzeko, bi kide. Eta finantziazioa ere, udalen ekarpenekin egingo da; 2017an, 1.290.976 euro.
Azkenik, argitu zuten lau urterako dela hitzarmena, baina udalek eskualdeko garapen agentzia edo antzekorik sortuz gero, hitzarmena bertan behera geratuko dela; eta erakunde horrek hartuko dituela, martxan jarritako programa, proiektu eta zerbitzuak.